Home » AZP, IIP

Administrazioak galtzen utzi du langile funtzionarioen aurretiko erretiroaren akordioko neurriak

Submitted by on 05/02/2015 – No Comment

Presazko hitzarmen berri bat inposatu nahi izan du behin-behineko langileak kanpoan utziz

Gutxieneko akordioa eskaini du administrazioak egun hauetan aurrez genituen neurriak mantentzeko (ordu murrizketak eta erretiro partziala) eta hobetzeko (ordu murrizketak 58 urtetik aurrera 63 urterekin erretiratzeko konpromisoaren truke, baldintzak bete dituenari).

Atzo burutu zen gaia ixteko bilera eta akordiorik gabe bukatu zen. Ez ziren mugitu bat ere mahai gainean jarritako eskaintzatik. Saiakera egin genuen proposamena hobetzeko gai zehatzetan baina ez ziren sartu negoziazioan. Proposamena onartu edo errefusatu izan zen aukera bakarra. Denok errefusatu genuen. Zergatik?

Proposamen berria lanaldi murrizketetan oinarritzen da, baina modu mugatuan langile finko eta egonkorrei bakarrik. Eta aukera asko daude behin hori ezarrita ez dela egongo inongo neurri gehigarririk. Eta guk uste dugu arazo larria dela unibertsitateko langileriaren zahartze prozesua eta errelebo aukera mugatuak egotea. Eta neurri ausartak eta sakonak eskatzen ditugu (eta proposamen zehatzak egin genituen bere garaian). Ikuspuntu horretatik zalantza handiak ditugu administrazioak proposatzen duena nahikoa den EHUko langileria berritzeko eta gaztetzeko.

Eta ikusirik administrazioak berak luzatu (atzeratu) egin duela gai honen inguruko negoziazioa eskatu dugu mantentzea aurreko akordiotik indarrean dagoena eta apiriletik aurrera negoziatzea sakon zein neurri hartu behar diren arazoari aurre egiteko. Eta uste dugu posible dela hori egitea babes legal nahikoarekin (aktan jasotzea bi kolektiboei aplikatuko zaiela langile laboralen lan hitzarmenetan jasotzen dena lanaldi murrizketen inguruan).

Administrazioak ez du onartu bide hori egitea eta hitzarmen berri bat sinatzea inposatu nahi izan du. Prest egon gara hitzarmen berri bat sinatzeko bi baldintzekin:

1.      Proposamen berriak aurrekoa hobetzea kolektibo guztietan behin-behinekoei zabalduz

2.     Negoziazioa ez ixteko hitzarmen honekin eta beste bideak aztertzeko konpromisoa hartzea .

Ez dugu onartuko lehenengo eta bigarren mailako langileak egotea. AZP-n behin-behineko izanda jubilatuko diren lankideak izango ditugu neurririk hartzen ez badira. Zelan azalduko du administrazioak urte berdinak izanda 63 urterekin nik besteak baino 2 ordu eta erdi lan egin behar dudala behin-behinekoa izateagatik soilik? Irakasle mailan egungo egonkortasunaren babesa erretiro akordio Berria baino arinago bukatuko da eta posible da 30 urteko zerbitzuetako irakasleak erretiro aukera hauek ez izatea.

Ezin dugu utzi langileen bizkar administrazioak Enplegu Eskaintza Publikoak ez egitea eta Madrilek birjartze tasa murriztaileak ezartzearen ondorioak. Behin-behineko langileak ez dira bere behin-behinekotasun egoeraren erantzule eta ez dugu onartuko unibertsitatean urte asko daramaten langile hauek baztertzea.

Ez dugu lortu ez bata ez bestea. Administrazioak hordagoa jo du. Ez du onura neurriak zabaltzea 60 urtetik gorako behin-behineko ez egonkorrei eta ez dago batere argi berriro eseriko den plantillen zahartze prozesuari aurre egiteko neurriak aztertzeko. Are gehiago mehatxatu egin du, akordiorik gabe geldituz gero ezin izango duela aplikatu egun dagoen murrizketa irakasle funtzionarioei, sindikatuak eginez egoera horren errudun gainera.

Bide hori hartzen badute aurrean izango gaituzte. Ez dugu onartuko bertan behera uztea azken lau urteetan indarrean izan diren langile funtzionarioen kreditu murrizketak.Aukera paregabea alperrik galdu da eta ziurgabetasun egoera larria ireki da langile funtzionarioen kolektiboan Administrazioaren itxikeriagatik. Hurbiletik jarraituko dugu administrazioaren jokabidea 60 urtetik gorako langile funtzionarioen eskariekin eta ahaleginak egingo ditugu gaia berriz irekitzeko hauteskundeen ondoren.

DISKRIMINAZIORIK EZ ERRETIRO HARTZEKO NEURRIETAN!!

BENETAKO NEGOZIAZIO SAKONA EHUKO PLANTILAREN BERRITU ETA GAZTETZEKO!!

Etiketak: , , , ,