Home » Prentsa oharrak. Iritzia

Unibertsitate publikoan egiten ari diren murrizketei buruz

Submitted by on 21/05/2012 – No Comment

STEE-EILASek goitik behera errefusatzen ditu Eusko Jaurlaritzak eta Madrileko Gobernuak unibertsitateko hezkuntza gastuen gaineko arrazionalizazio neurriak. Jaurlaritza, 2012ko aurrekontuen bidez eta Gobernu zentrala, plantilei mugak ipintzen dizkion 20/2011 dekretuaren eta, batez ere, 14/2012 dekretu berriaren bitartez, atzo Kongresuak onartu zuena  PP-ren rodilloarekin, unibertsitatearen autonomia, berdintasuna eta unibertsaltasun printzipioak hondoratzen ari dira eta  kalitatezko zerbitzu publikorako unibertsitatearen oinarriak ezabatzen dituzte.

Aurrekontu murrizketa garrantzitsuak izan ditugu orain arte, soldata errealen jaitsiera esanguratsuekin, asteko lan kopurua 37,5 orduetarako igoerarekin, aurrekontu lerro ugariren uzkurdurarekin, etab. Bada, ibilbide honen gainean 14/2012 dekretuak eraso gogorragoa dakar unibertsitatearen zerbitzu publikoaren aurka. Zehazki ondoko irizpide hauek salatzen ditugu:

  1. Hezkuntza Ministerioaen borondatea unibertsitate publikoa ahultzeko, titulazio, zentro, edota campusak murriztuz, unibertsitatearen iraupena irizpide ekonomizista soilen menpez utziz. Horrela unibertsitatearen autonomia de facto eraitsi eta neurri zentralizatzaileak indartu egin dira tituluen onarpena eta iraunkortasuna eta titulazioko ikasleen ratioak Estatuaren eskumenak izatera igaro dituztelako.
  2. Tasa publikoen hazkundea. Neurri honek aukeren berdintasunaren hastapena apurtzen du eta  talde sozial desfaboratuenek unibertsitatean sartzeko bideak estutu egiten ditu.
  3. Gelako ikasle kopuruaren igoera eta irakasle kopuruaren murrizketa Azken hau irakaskuntza zamaren hazkundea tarteko eta plantilaren kontsolidazio eta sustapenerako aukeren mugatzearen bidez gauzatuko da.
  4. Zehatzago esanda, LOUko 68. artikuluaren idazkera berriak arrisku bizian ipintzen ditu  UPV-EHUko irakasle gazte eta elebidunaren ibilbide akademikoa finkatzeko aukerak (langabeziaren atearen aurrean jartzeraino). Halaber, aipatutako artikuluaren formulazio berriak sakondu egingo ditu egungo irakaslegoaren baitako lan baldintzen desberdintasunak, eta batez ere emakumeak kaltetuko ditu izan ere kontziliaziorako zailtasun gehigarriak dakartza.
  5. Estatuko Aurrekontu Orokorretan ikerketarako lerroa %25 jaitsi izana eta bekek izandako murrizketa.
  6. Aurrekontu Egonkortasunerako eta Finantza Iraunkortasunerako Lege Organikoaren betekizunak dakarren interbentzionismoa, zeinaren bidez unibertsitateko autonomiaren printzipioa hausten baita.
  7. Unibertsitatearen pribatizazio gorakorra eta ezkutua.

Horregatik, honako hau eskatzen dugu:

  • Baliabide publiko nahikoekin finantziatutako Unibertsitate publikoa. Finantziazioa, BPGarekin alderatuta, gutxienez GIEEko herrien bataz bestekoa izan beharko luke.
  • AZP eta irakasleen lanari balioa ematen dion unibertsitate publikoa. Honetarako, unibertsitateak langileak mantentzeko politikak bultzatu eta langile horien baldintza duinak eta adostuak bermatu beharko lituzke.
  • Aukera-berdintasuna eta  sarbide unibertsala bermatzen dituen unibertsitatea. Honetarako ezinbestekoa da tasa publikoak bere horretan uztea eta diru-laguntza gehiago ematea.

Oraingoz, badirudi UPV/EHUk ez dituela dekretu antisozial horren neurri gogorrenak ezarriko. Beraz, 2012-2013 ikasturteari begira ez du eragin kaltegarri oso nabarmenik izango plantilan, bai ordea behin-behineko langileengan. Doikuntza eta dekretu berriak ordezkapenak gutxituko ditu eta irakasle eta ikertzaileen lanaldia (irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa) neurtzeko sistema berria ezarriko da. Sistema berria 2012/14ko errege (lege) dekretuak ezarri duena baino malguagoa izango da eta, antza, komunitate akademikoan eztabaidatuko da eta eragile sozialekin negoziatuko da.

Hemendik aurrera oso adi egongo gara aipatu dekretua garatzeko hartzen diren neurriekin, bai Gobernu Zentralak, bai Eusko Jaurlaritzak eta baita UPV/EHUk hartutakoekin ere. Eta dekretu antisozial honen edukiak inposatzen saiatzen badira erantzun egingo dugu. Irakasleei eta AZPko langileei dei egiten diegu mugitzeko murrizketen aurka eta kalitatezko unibertsitate eta hezkuntza publiko eta unibertsalaren alde. Inposatu nahi dizkiguten murrizketen aurka eta enplegu publiko suntsiketaren aurkako borrokaren urrats garrantzitsua maiatzaren 31ko protesta eguna izango da.