Home » Berriak, Prentsa oharrak. Iritzia

Arantza Urkaregi errugabe… oraingoz

Submitted by on 2012-06-28 – 10:26 AMNo Comment

Arantza Urkaregi UPV/EHUko pertsonarik ezagun eta errespetatuenetakoa da. Matematikako irakasle Zientzia eta Teknologia Fakultatean, 30 urte luzetan curriculum bikaina osatzeaz gain, ikasleen partetiko aparteko balioespena ere lortu du bere lana eta dedikazioagatik. Erreferentzia izan zen baita egun indarrean den irakasle laboralen esparrua sortzeko ahaleginean eta gure Unibertsitateko Klaustroan eta Gobernu Kontseiluan inoiz egon den pertsonarik aktiboena izan da. STEE-EILASetik ere esan dezakegu gure arteko onenetakoa eta maitatuenetakoa dela.

Euskadiko Parlamentuko hauteskundetan, 2009an, Arantzak ezker abertzalearen inguruko Demokrazia Hiru Miloi (D3M) hautagaitzaren zerrendetan parte hartu zuen. Ordea, Epaitegi Gorenak legez kanpo utzi zuen hautagaitza eta ondorioz Arantza atxilotu eta kartzelan sartu zuten. Epaitegiak 6 eta 9 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen Arantzarentzat eta bere kideentzat, talde armatuaren parte izatea edota harekin kolaboratu izana leporatuta. Epaiketa pasa den maiatzean egin zen, eta ekainaren 18an Auzitegi Nazionalak errugabe jo zituen -aurkako boto bakar batekin- sumarioan epaitutako lagun guztiak. Epaiaren arabera Arantzak eta bere kideek “jabe ziren eskubide politikoak gauzatu baino ez zuten egin, inork ez baitzituen hartarako desgaitu”.

Une honetan, beraz, Arantza aske da eta Fakultatean dihardu irakasten eta ikertzen eta nola ez, sindikatuan lan egiten, fenimismoan militatzen eta Euskal Herriko beste hainbat gizarte arlotan ere borrokatzen. Baina Estatuko Fiskaltzak helegitea jarri dio epaiari, euskal arazoari hitzartutako irtenbidea oztopatuz, noiz eta orain, behin ETA desagertuta hura posible eta beharrezkoa denean.

Gureari dakokigunean, ordea, Arantzak badaki UPV/EHUn, izan badiren sindikatu, ideologia eta bestelako diferentzien gainetik, Unibertsitateko komunitatearen gehiengoaren laguntza duela.

Besarkada bat!