Home » Prentsa oharrak. Iritzia

Bilboko Ingeniaritza Eskola: Sua ezin da suarekin itzali

Submitted by on 24/02/2017 – No Comment

Euskal Herriko Unibertsitateak eztabaida, ekimen eta pentsamendu kritiko eta autokritikorako gunea izan behar du. Hor kokatzen ditugu Herri Unibertsitatea bezalako ekimenak, ikasleek beren kabuz, modu autonomoan antolaturikoak. Unibertsitate publikoak beharrezko baldintzak eskaini behar ditu halakoetarako betiere funtzionamendu adostu bat bilatuz eragile ezberdinen artean.
Zoritxarrez, elkarulertze hau ez da beti lortzen eta pasadan asteazkenean Ingeniaritza Eskolan gertatukoa dugu horren adibide. Honek kalte egiten digu guztioi, ikasleei, irakasleoi, AZPko langileoi,… azken finean Unibertsitate osoari. Aurrera begira, horrelakoak berriro ez errepikatzeko guztiok lanean jarraitu behar dugu.
Badakigu aurten saiakerak egin direla Ingenieritza Eskolan Herri Unibertsitateko saioak eta itxialdia modu adostuan egiteko, beste zenbait ikastegitan egin ohi den bezala. Ezarritako baldintzak ez dira, ordea, nahikoak izan eta desadostasuna istiluetan bukatu da.
Steilasen ustez hau guztia zentzugabea da. Unibertsitateak ez luke Herri Unibertsitatearen jarduera oztopatu behar, are gutxiago Ertzantzaren halako erakustaldia ahalbidetu Unibertsitate barneko arazo bat konpontzeko. Ikasle batzuen erantzunak ere, inongo arrazoirik gabe kalteak eraginez zentroan, ez dira onargarriak, ez dute Unibertsitateko elkarbizitza hobetzen laguntzen eta aitzakia ematen diete bide errepresiboak hobesten dituztenei.
Steilasen atzera begira jarri baino aurrera egin nahi dugu eta horregatik uste dugu etorkizunean beste ikastegietan lortutako akordioen ildotik jarraitu beharko litzatekeela lanean, tentuz eta leialtasunez, alde guztien arrazoiak eta eskakizunak ulertzen eta partekatzen saiatuz.
Eta ikasleei eskatzen diegun tentu eta proportzio bera eskatzen diegu agintariei ere asteazkeneko ondorioak kudeatzeko orduan. Sua ezin baita suarekin itzali. Ertzaintzak ehunetik gora Ikasle identifikatu zituen. Gazte hauek guztiak, txikizioen errudunak direla edo ez, Mozal legearen mehatxupean daude hemendik aurrera. Eta zigor gogorra jasotzeko aukera guztiak dituzte tamalez, kasu gehienetan itxialdi batean parte hartzeagati, ez txikizioak egiteagatik.
Steilasek lanean jarraituko du UPV/EHU gure unibertsitate publikoa eztabaidagune izan dadin, guztion arteko adostasunak bilatzen eta desadostasunak daudenean haiek kudeatzeko tresnak bilatuz, inposiziorik onartu gabe.