Home » Berriak

MAIATZAREN 30ean GREBA OROKORRA!

Submitted by on 2013-05-20 – 1:54 PMNo Comment

EUSKAL HERRIKO ESKUBIDE SOZIALEN GUTUNAREN ALDE

Cartel30mUrterik urte gobernu ezberdinak, hartzen ari diren erabakiekin, krisi ekonomikoan sakontzen ari dira. Konstituzio erreformek, dekretutzarrek, oinarrizko legeek, murrizketek eta erreforma ezberdinek helburu bakarra daukate: aberatsek gero eta botere eta diru gehiago eskuratzea langileen pobretze orokorraren, langabezi masibo, eskubideen galera eta zerbitzu publikoen murrizketen bitartez. Neurri hauek, gainera, era guztiz antidemokratikoaz burutzen ari dira, inposaketa erabiliz, inposaketa delako modu bakarra herritarren kontrako eraso hauek burutu ahal izateko.

Honengatik, politika publikoen lehentasunak goitik behera aldatzea aldarrikatzen dugu eta Euskal Herriko gaur egunko instituzioei dei egiten diegu hori lortzeko beharrezkoak diren iniziatiba instituzional, politiko eta legislatibo guztiak har ditzatela.

Instituzio horiei zera exijitzen diegu: estatutik inposatu nahi dituzten neurriak ez aplikatzeko; defizit publikoaren mugak ez onartzeko, eta iniziatiba har dezatela Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsona guztiek bizi baldintza duinak izan ditzaten; enplegu duin, kalitateko zerbitzu publiko unibertsal eta prestazio sozial egokiak izan ditzaten, alegia, horixe baita, gainera, krisitik irteteko  estrategiarik onena. Sistema berri bat pertsona guztien aukera berdintasunean oinarritua eta lan produktibo eta erreproduktiboaren arteko egungo dikotomia gaindituko duena.

Hemen gauden eragile sindikal eta sozialok krisialdia hasi zenetik burutzen ari diren politika hauek salatu izan ditugu eta borrokatu izan ditugu. Edozelan, premiazkoak diren salaketa eta borroka honekin batera, haratago joan nahi dugu, euskal jendarteari alternatiba eskaini nahi diogu. Beste eredu bat posible dela aldarrikatzetik eredu hori eraikitzera egin nahi dugu jauzi.

Horregatik, prozesu sozial oso bat bultzatzea erabaki dugu. Alternatiba hori eraikitzeko prozesu oso batez ari gara eta lehen pauso moduan Euskal Herrirako Eskubide Sozialen Gutuna osatzea izango da. Gutun hau aldarrikapen bitartekoa izango da, baina ez hori bakarrik, Gutun hau lehenbiziko  pausua izango da euskal jendarte osoaren indarrak batzeko eta burutzen ari diren borroka ezberdinak helburu argien inguruan bateratzeko. Eskubide sozial eta laboraletan zein justizia sozialean oinarritutako eredua nahi eta behar dugu  eta hau eraikitzeko prozesua, Euskal Herriarentzat eredu propioa eraikitzeko prozesua abiaraziko dugu.

Maiatzaren 30erako deitu dugun greba orokorra beharrezkoa da, ezinbestekoa da, “nahikoa da!” ozen eta indarrez oihukatzeko gobernu ezberdinetatik datozen eraso guztien aurrean eta, horrekin batera, alternatiba eraikitzeko prozesu horri hauspoa emateko bultzada.

Etiketak: ,