Home » Berriak

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako adierazpena, Enrique Antolín eta Xabier Aierdi irakasleen alde agertu eta sostengua eskaintzeko

Submitted by on 15/10/2012 – No Comment

Getxoko lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak, fiskalaren eta pertsonaturiko akusazio partikularren eskaeraz, 2012ko irailaren 4an jakinarazi du ahozko epaiketa hasiko duela José Enrique Antolín Iria eta Xabier Aierdi Urraza UPV/EHUko irakasleen aurka, prebarikazio-delituaren akusaziopean; ikustaldia Bilboko dagokion Zigor-arloko Epaitegian egingo da.

Akusazioaren oinarria ondokoa da: 1992/1993 eta 2001/2002 ikasturteetan, bi deportatu matrikulaturik izan ziren UPV/EHUn, Egoera Bereziko Ikasleen Sistemaren barruan. Ikasle horiek matrikulaturik izan ziren epealdiaren zati batean, Enrique Antolín dekanordea izan zen eta Xabier Aierdi tutorea.

2005ean hasitako eginbide batzuen azken emaitza da orain epaiketa hau hastea. Eginbide horietan, 500 espediente akademiko baino gehiago aztertu dira, 2007ko maiatzetik 2012ko maiatzerako tartean, 36 pertsonak deklaratu dute (administrazio eta zerbitzuetako langileak, irakasle-ikertzaileak eta kargu akademikoak, hala errektore, nola dekano edo dekanorde), prebarikazioagatik eta dokumentu-faltsutzeagatik inputaturik, eta beste hemezortzik deklaratu dute lekuko gisa. Guztira 5000 orri dituen espedientea osatu da ondorioz.

UPV/EHUk, erakunde gisa, behin eta berriro bidali ditu hainbat txosten, eta horietan azaldu ditu, besteak beste, matrikulazio-prozesua arautzen duen indarreko arautegia, ikasleen ebaluazio-sistema, aktak sinatzeko eta aktetan aldaketak islatzeko prozedura, eta ikasleen eskubideak hainbat deialdi erabiltzeari dagokionez.

Aurkezturiko txostenak eta dokumentuak ikusirik, espediente bakar batean ere ez da aurkitu legez kontrako ezer, ez matrikula-prozeduran, ez ebaluazio-prozesuan. Ebaluazioan edo akta-sinaduran erantzukizuna zuten pertsonen aurkako akusazio guztiak artxibatu dira, pertsona deportatuen kasuetakoak barne.

Gainera, Konstituzio Auzitegiak berak oraintsu eman du presondegietan dauden pertsonei buruzko UPV/EHUren protokoloa onesten duen Sententzia, eta, sententzia horretan espresuki zehazten duenez, “Unibertsitateari berari dagokio, kanpoko interferentziarik gabe, (…) unibertsitateak eskainiko duen urruneko hezkuntza-zerbitzuaren baldintzak arautzea”. Protokolo honetan sartzen dira beste zirkunstantzia batzuengatik ere ikasketak aurrez aurreko eskoletan ezin egin dituztenenak.

Testuinguru honetan, prebarikazio-akusazioa mantentzen da bi irakasleren aurka; irakasle horiek, bestalde, ez dute inolako erantzukizunik izan bi ikasle deportatuen matrikula- eta ebaluazio-prozesuetan.

Bi irakasle hauek, Enrique Antolínek eta Xabier Aierdik, beren karguei zegozkien eginbideak bete zituzten ikasle berezien taldearekin, eta, marko instituzionalaren barruan, talde horretako ikasleei eskubidez zegokien goi mailako hezkuntzako zerbitzu publikoa bermatzen lagundu zuten.

Aipaturiko aurrekariak ikusirik, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak ondokoa ADIERAZTEN DU:

Enrique Antolín eta Xabier Aierdi irakasleek beren karguei zegozkien funtzioak bete besterik ez dute egin, banakoaren jardunbidea gainditzen eta baldintzatzen duten erabaki instituzionalen esparruan.

Gobernu Kontseilu honek sostengu eta elkartasun osoa agertzen die Enrique Antolín eta Xabier Aierdi irakasleei.

Era berean, Gobernu Kontseilu honek espero du prozedura judizialak ez duela zalantza izpirik utziko irakasle hauen jardunbideari buruz, eta argi erakutsiko duela lan egokia egin dutela erakunde honetan.