Home » Berriak

m29an, langileok UPV/EHU gelditu genuen

Submitted by on 2012-03-30 – 12:14 PMNo Comment

Atzo, martxoaren 29an, LAB, STEE/EILAS eta ELA sindikatuok deitutako Hego Euskal Herriko Greba Orokorraren deialdiak aspaldian ikusi gabeko jarraipen zabala eduki zuen sektore ezberdinetan.

UPV/EHUn ere oso arrakastatsua izan da greba. Herenegun langileok UPV/EHU gelditzera gindoazela esaten bagenuen, gaur, greba osteko hurrengo egunean adierazi dezakegu, inolako zalantza izpirik gabe, UPV/EHUko langileok, gure parte hartze erabatekoarekin, unibertsitatea geldiarazi genuela:

  • Leioa/Erandioko Campusa hutsik egon zen: ez AZP, ez IIP, ezta ikaslerik ere ez zen egon bere lanpostuetan edota ikasgeletan. Administrazioak langileon ordezkari diren sindikatuokin negoziatu gabeko zerbitzu minimoetan izendatutako langileak izan ezik, gainontzeko ia %100 ez zela lanera etorri eta grebarekin bat egin zuela esan dezakegu. Campusaren argazkia ezin adierazgarriagoa izan zen: parkinak hutsik, fakultate eta unibertsitate eskolak hutsik, unibertsitateko zerbitzuetan langilerik ez, kanpoko zerbitzuak itxita (Garai kafetegia, liburu-denda, haurtzaindegia, Ostalaritza Eskola), zerbitzu minimoetako autobusak hutsik edo 1-2 lagunekin,…
  • Bilboko Campusa: antzeko egoera bizi izan zen horietan ere: Sarrikon jantokia itxita, Ingeniaritza eskolan ere, klaseak bertan behera, …
  • Donostiako Campusa: aurreko egunetan 2 jantoki itxita egongo zirela iragarri bagenuen ere, gaur esan dezakegu guztiak egon zirela itxita eta grebaren jarraipena ia erabatekoa izan zela.
  • Gasteizeko Campusa: aurrekoen berdin antzera, liburu-denda eta jantokia itxita, klaserik gabe, jarraipena oso-oso zabala eskola eta fakultateetan.

Aipagarria da ere piketeetan izandako parte hartzea eta hauek egindako lana eta, izandako kasu bakan pare batetan ezik, gainontzeko lekuetan ez zelako inolako arazorik egon.

Bestalde, goizeko manifestazioetan hiru sindikatuok deitutako manifestazioetan izandako parte hartzea oso zabala azpimarratu behar da, bai Bilbon, Gasteizen zein Donostian, milaka eta milaka langilek jo baikenuen kalera indarrean jarritako neurri murriztaile oro salatu eta bestelako neurri eta erabakiak exijitzeko.

UPV/EHUko langileok argi adierazi dugu: Ez gaude prest botere ekonomiko-finantzieroak sortutako krisia gure lepora ordainarazi diezaguten. Argi utzi diegu neurri atzerakoi guzti horiek babestu dituztenei kalera joko dugula geure eskubide sozio-ekonomiko eta laboralen defentsan eta lan harremanetako eta babes sozialeko euskal esparru propioaren alde egiteko.

Modu batez edo bestez greban parte hartu duten langile guztiak zoriontzeaz batera, adi egon daitezen dei egiten diegu, oraindik orain ez baitugu lortu neurriok onartu edo babestu dituzten gobernu eta patronalek atzera egin dezaten. Eta, txarragoa dena, neurri murriztaile berriak indarrean sartzeko gogoa adierazten dute Madriletik datozen haize zakarrek.

Beraz, adi egon eta etor daitezken erasoen aurrean antolatu, mobilizatu eta borrokatzeko prest gaudela argi eduki dezaten erasook abiarazi nahi dituzten gobernu, patronal eta administrazio ezberdinek. Oraina borrokatu eta etorkizun ezberdina eskuratu behar, nahi eta ahal dugulako.