Home » Berriak, IIP

Epaileak arrazoia eman dio STEE-EILASek eta LABek aukertuztako konflikto kolektiboari

Submitted by on 2014-03-26 – 2:46 PMNo Comment

UPV/EHUKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEEN OSAGARRI GEHIGARRIEN DEIALDIAK ORAIN!!

UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile guztiok soldata duinak jasotzeko eskubidearen aldarrikapena indarrean da berriro ere. Izan ere, soldatak duintzera hurbiltzen gaituen norbanako osagarri gehigarrien deialdiaren etetea gauzatu zuen unibertsitateak 2010an, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin edo eskariz. Ondorioz, UPV/EHUko zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak 2006ko uztailaren 19an STEE-EILAS eta LABekin sinatuko akordioa alboratuz, diskriminazio egoera berriak sortu dituzte unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen artean.

2006ko uztailaren 19ko akordioaren edukian oinarrituta, atzo emandako epaiak berretsi egiten ditu osagarrien urteroko deialdiak eta hauen ordainketa osoa bermatu egin behar dituztela Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak. Horrela, bultzada garbia ematen dio akordioarekin bilatzen genuen helburu nagusiari: UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen soldatak EAEko irakasle ez-unibertsitarioenekin parekatzen hastea, “C” osagarri profesionalen izaera ia-unibertsalaren bidetik.

2010tik honako deialdi ezak irakasle eta ikertzaile askorengan eragiten du, 500 batek osagarri hauek eskatzeko eskubidea izan arren, ezin izan dutelako aukera hori baliatu. Horrela, langile hauek, batez beste, %10etik gorako murrizketa jasaten ari dira beren soldatetan. Ildo berean, aurretik aurkeztu direnek eta jada kobratzen dituztenek ere, 4.000 bat irakasle eta ikertzailek alegia, ezin izan dituzte hauek eguneratu eta soldata galerak izan dituzte urteotan.

Ondorioz, epai honek konponbidean jartzen du azken urteetan UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile guztiek jasan duten ezkutuko soldata murrizketa, baina bereziki irakasle eta ikertzaile berriek jasan dutena. Izan ere, deialdi-eten honek larriki urratu ditu langile berri hauek bere soldatak duintzeko eta hobetzeko eskubideak; exijentzia akademikoa handitu, promozioa ukatu eta bestelako murrizketak pairatu behar izan dituzten aldi berean. Horietako asko behin behinekoak eta soldata baxuenak dituztenak direlarik gainera.

2006an Akordio sinatuko genuen sindikatuok ez dugu etsiko diskriminazio egoera honekin amaitu arte, guztion eskubideen alde borrokan jarraituko dugu. Horregatik, Unibertsitateari eta Eusko Jaurlaritzari 2006an sinatutako akordioa errespetatzea exijitzen diegu eta, sindikatuokin negoziaturik, egin ez diren osagarrien deialdiak ahalik eta lasterren egitea.

SOLDATA DUINAK IRAKASLE ETA IKERTZAILE GUZTIONTZAKO
DISKRIMINAZIORIK EZ!