Home » IIP, Prentsa oharrak. Iritzia

Unibasq: nork kontrolatuko du kontrolatzailea?

Submitted by on 2012-06-27 – 11:36 AMNo Comment

Kalitatea, bikaintasuna, merituen akreditazioa, etab unibertsitatean aspertu arte erabiltzen hasi diren hitzak dira. Prozesu hauetan guztietan derrigorrezkoa izaten da irizpideak ezarri eta merituak ebaluatuko dituen norbait egotea. Eta erabakien neutraltasuna bermatze aldera erabaki da ebaluatzaileak agentzia independenteak izan behar direla, Unibertsitatearekiko independente alegia. Hori ei da Unibasq. Ustea, ordea, … askotan ustel.

Unibasq ez da, lehenik eta behin, gardena izan, ezta hurrik eman ere. Ez dago informazio argirik, ezta osorik ere, ebaluazio batzordeek erabiltzen dituzten irizpideen gainean. Eta orain arte ikusitakoagatik ez dirudi eskakizun maila berberak mantendu direnik ez arlo guztien artean, ezta denboran zehar arlo bakoitzeko egin diren ebaluaketa ezberdinetan ere. Halako bidegabekeriak onartezinak dira.

Ez dugu zalantzarik izan direla zintzotasunez, tentuz eta dedikazioz  jokatu duten batzordeak; seguruenik halakoak izan dira gehienak. Beste batzuetan, ordea, badakigu ez dela horrenbeste predikatzen den kalitatea eta zehaztasuna gorde eta zenbait kasutan emaitzak eskandaluzkoak izan dira. Urrunago joan gabe otsaileko azken deialdian.

Deialdi hau berezia zen: baimendu egiten zen irakasle lizentziatuak aurkeztea lankide irudira, jakintza arlo mailako inongo mugarik gabe, deialdi espezifikoa izan zitekeen finean. Horrela arduraldi osoko LRUko irakasle elkartu ez doktoreak aurkeztea zuten, eta aldeko ebaluazioa lortuz gero iraunkor bihurtu. Emaitzak ordea oso txarrak izan dira eta aurkeztu diren irakasleen erdian baino ez du lortu akreditazioa. Susmoa dugu ebaluazioa egiteko irizpideak zorrotzegiak eta oso desberdinak izan direla jakintza arlo ezberdinetan. Bestela, nola ulertu 11 puntuko puntuazio bera izatea irakaskuntza esperientziaren atalean EHUn 22 urteko esperientzia duen irakasle batek arlo batean eta beste batek bi urte eskasera iristen ez denak?

Unibasq-en zuzendaritzak bermatu behar du batzordeek hartzen dituzten irizpideak egokiak izatea eskatutako irudiaren ezaugarrietara eta batzorde ezberdinak tratu bera emango diotela irudi berdinerako jakintza arlo ezberdinetara aurkezten diren hautagaiei. Beraz, Unibasq-eko arduradunek gertatutakoaren inguruko erantzukizunak eskatu eta garbitu beharko lituzkete, baita neurriak hartu ere berriro halakorik gerta ez dadin. Izan ere ebaluaketek goitik behera baldintza dezakete gure irakasle eta ikertzaileen ibilbide profesionala, irakasle asoziatu ohien kasuan bezala, zeinek lanpostua jokoan duten oraindik, batzuk hogei urtetik gorako dedikazioaren ostean.

Are gehiago, nahiz eta itxura batean ebaluatzailea kanpokoa izateak (Autonomia Erkidegotik kanpokoa, alegia) neutraltasuna bermatu eta lagunkeriak baztertzeko balio zezakeela zirudien, praktikan ekarri duena izan da gurearekiko inongo ezagutza eta begirunerik gabeko irakasleek ebaluatzea euskararekin, kooperatibismoarekin, hemengo gizarte mugimenduekin eta euskal gizartearen beste zenbait arlorekin konprometituta diharduten pertsonen lanak eta ikerketak. Alegia, neutraltasunaren izenean lortu dena izan da lagunkeriak (edo areriokeriak)  beste eremu geografiko batera eramatea, ez haiek ezabatzea. Hartara, gure irakasle eta ikertzaileen ibilbide profesionalaren gaineko boterea eta erabaki ahalmen parte garrantzitsua Estatu mailako interes eta eragin sareen eskuetan utzi da.

Unibasqueko arduradunek, barrukoek zein Eusko Jaurlaritzakoek, neurriak hartu beharko lituzkete lehenbailehen egindakoa konpontzeko. Batzuetan gertutasuna eta ezagutza onak dira ebaluaketarako. Agian onena litzateke kanpoko eta barneko adituak biak erabiltzea edota konplexuak alde batera utzita gure irakasleen kalitatean eta zintzotasunean ere sinetsi eta konfiantza izatea, eta baimentzea sindikatuen parte hartzea esparru horretan eskubide laboral garrantzitsuak daudelako jokoan erabaki “independente” horietan. Ona litzateke berme horiek sartzea egun Legebiltzarrean tramitean dagoen akreditazio legean.

Edozein kasutan argi geratu dena da sistema honek ez duela azkenean behar bezala funtzionatzen. Mota honetako agentziek publikotasunaren ahalmenarekin jokatzen dute, baina pribatutasunaren “independentziarekin”, alegia, inolako kontrolik gabe. Orain premiazkoa zera da jakitea nork kontrolatuko du kontrolatzailea.