Home » Prentsa oharrak. Iritzia

Ezer egin gabe, ez delako ezer lortuko

Submitted by on 21/05/2013 – No Comment

m25-manifaMAIATZAREN 30ean GREBA OROKORRA

Maiatzaren 30ean grebara goaz, berriro ere. Arrazoiak soberan daude, erasoak bata bestearen atzean datozelako eta ez direlako bukatuko, politika publikoak aldarazten ez baditugu. Ez da erraza izango baina STEE-EILASek, koherentziaz, aspaldian hasi zuen ibilbideari eutsiko dio, aukera bakarra mobilizazioa eta borroka delakoan. Bidean gaude, nahi izan dutenekin batera, gehiago egotea nahiko bagenuke ere.
Greba honekin, aurrekoetan bezala, erasoak salatu eta egoera larriena pairatzen dutenekin elkartasuna adierazi nahi dugu.
Zerbitzu publikoak suntsitu nahi dituztela esan behar dugu,eskubideak asetzeko tresnak salgai jartzen ari direla, enplegu tasak eta soldatak behera doazela etengabe, diru publikoa arpilatzen ari direla… Politika merkatuaren menpe jarri dute eta gu gehienok pobretzeko eta lortuta genituen eskubideak zapaltzeko apustu garbia egin dute. Eta hori Madrileko nahiz Iruñeko eta Gasteizko gobernuek egiten dute, hala gai orokorretan (erretiroa, lan erreformak, murrizketak eskubide gehienetan…) nola irakaskuntzan (Nafarroako eta EAEko hezkuntzarako aurrekontuak,
LOMCEren proiektua onartzea…). Harritzekoak dira ere ingurugiroan egin behar duten sarraskia: Garoñaren iraunaldiaren balizko luzapena, fracking-a, edota abiadura handiko trena adibide argiak dira, edozein irizpideren gainean lapur gutxi batzuen interesak daude, guztion etorkizuna kolokan jarri behar bada ere. Hainbat instituziotan ustelkeria nagusi, hiritarron eskubide zibil eta politikoak baztertzen ari dira, demokrazia gero eta urruago dugun helburu bilakatzen ari delarik.
Errealitate gordin horren aurrean sindikatuok ardura handia dugu, bai gure esparruan borrokatzeko, baita gizarte mugimenduekin batera lan egiten asmatzeko eta alternatibak bilatzeko. Horretan dihardugu aspalditik, GUNE izeneko plataforma zabalean.
Oraingo honetan urrats bat gehiago eman nahi dugu: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna gauzatu. Gutun hori indarrak metatzeko eta borrokarako tresna izatea nahi dugu, baita hausnartzeko eta esperientziak eta iritziak elkartrukatzeko baliabidea ere. Une honetan abiapuntua baino ez dago zehaztuta: maiatzaren 25ean lehen batzarra izango da Eibarren; handik aurrera guztioi dagokigu sindikatuan, herrietan eta auzoetan partaidetza bultzatzea. Ikuspegi horretatik maiatzaren 30eko greba orokorra Gutun Sozialaren aldeko prozesuko unea ere bada, zabala eta emankorra izan nahi duen prozesua. Horri buruzko informazioa izan bezain pronto helaraziko dizuegu.
Hona hemen datorren larunbatean aurreikusten ditugun mobilizazio zentralak, greba eguneko hitzorduak datorren astean bidaliko dizkizuegu.
Maiatzak 25, larunbata: manifestazioak
Bilbon: 17:30 Jesusen Bihotzean
Donostian: 17:30 Bulebarrean
Gasteizen: Bilbao Plazan, 19:00etan
Iruñean: 11etan Bizi martxa Antoniutti parketik eta 12etan San Lorenzotik