Home » Nagusia, Prentsa oharrak. Iritzia

Gizarte Kontseilua osagarrien deialdi kamustua onartzera doa

Submitted by on 02/06/2015 – No Comment

Eusko Jaurlaritzak ez du onartzen deialdiak atzerako eragina izatea

Gaurko planifikazio bileran administrazioak argitu du ekainaren 3an Gizarte Kontseiluaren ezohiko saioa izango dela eta bertan seguru aski onartuko dela 2015ko osagarrien deialdi berria. Deialdia egitatea izango baita 2015. urtean zehar. Baina onartuko den deialdiaren edukia ez da inolaz ere guk eskatzen genuena. Ezta zilegitasunaren ikuspegitik zor digutena ere. Ez dugu ontzat ematen eta borrokatzen jarraitu beharko dugu. Izan ere, deialdi horrek ez du jasoko inolako atzerako‐eraginik.
Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailak inposatu duen deialdiak ahalbidetuko du bai urteko deialdiak egiten hastea eta irakasleriak aukera izango du hemendik aurrera deialdi berrietara aurkezteko. Eta bere lana aitortua izateko. Baina ez du konpontzen‐ eta aitortzarik gabe uzten du‐ deialdirik gabeko hiru urteko aldian irakasleriak eginiko lana. Ez dira galduko urte horietako merituak deialdi berrian aurkeztu ahal izango direlako, baina galduko dira haien ordain atzeratua. Deialdiak atzerako eragina ez jasotzea oso larria da STEILAS‐entzat eta gure eskura dauden neurri guztiak erabiliko ditugu helburu hori lortzeko. Ez dugu etsiko.
Guztiz salagarria iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzaren jokabidea gai honetan. Bere ardura onartu beharrean, trabak eta luzamendu estrategiak baino ez ditu erabili. Ez du inoiz onartu indarrean dagoen osagarrien bere dekretuak dioena. Gizarte Kontseiluan duen eragin ahalmena (bertako Idazkari Nagusia, EAJ eta CONFEBASQ‐eko kideak,) erabili du deialdia atzeratu, blokeatu eta azkenean bere neurrira eginiko bat onartzeko (atzerako eraginik gabekoa edo ezer ez). Eta guztia sos gutxi batzuk aurrezteko unibertsitatean baldintza okerrenetan daudenen kontura! Sinesgaitza benetan.
Baina maltzurkeria hau ezingo zen gauzatu unibertsitateko zuzendaritzaren laguntzarik gabe. Eta gauzatu egingo da unibertsitatearen zuzendaritzak amore eman duelako. Jaurlaritzarekin bakea egin eta deialdia izatea lehenetsi du, Jaurlaritzari aurre egiten jarraitu eta EHUko irakasleriak merezi duen atzerako eragina jasotzen duen deialdia ateratzen saiatu ordez.

Ez zen erraza izango Gizarte Kontseilua erakunde zaila delako eta unibertsitateko egunerokotasunetik oso urruti bizi delako, badakigu, baina saiatu beharra zegoen. Atzerako eragina jasotzen zuen proposamen baten aldeko gehiengo bat osatua zegoen jadanik Gizarte Kontseilu‐kideen artean Jaurlaritzaren blokeo estrategiari aurre egiteko baina ezerezean utzi du unibertsitateko zuzendaritzak, proposamen horrekin aurrera eginez gero Jaurlaritzaren helegite mehatxuaren aurrean.
Unibertsitateko zuzendaritzaren ardura da nagusiki irakasleon osagarrien gaia, deialdiak egitea zehazki. Hark bermatu behar du hauek jasotzeko irakasle eta ikerlari guztiok ditugun eskubideak, eta bereziki egoera ekonomikorik okerrenean daudenenak. Baina ez da hori izan bere apustua oraingoan. Eta aurrean izango gaitu. Ez dugu babestuko deialdi kamustu hori.
Guk tinko jarraituko dugu “soldata duinak irakasle eta ikerlari guztientzat” leloaren alde lanean. Eta beraz, lan egingo dugu aitortu eta ordaindu nahi ez den hiru urteko hutsune horretan irakasleriak lortu dituen osagarriak ordainduak izateko, norbanako edota helegite kolektiboen bidez, protesta neurri eta negoziazio sindikalaren bidez.
Leioan 2015ko ekainaren 1an