Home » AZP, IIP, Prentsa oharrak. Iritzia

Horrenbeste gezurrekin… Sudurra baino ez zaizu haziko!!!

Submitted by on 2014-06-12 – 12:36 PMNo Comment

Egunero pairatzen ditugu UGTren agiriak. Batzuetan sasiegiez beterik, beste batzuetan erabateko gezurrez gainezka, beti errealitatea desitxuratzen.

Lankide askok pozoitutako agiri horiek gezurtatzeko eskatzen badigute ere, STEE-EILASi ez zaio gustatzen erantzun-gurpil ero batean sartzea, bi arrazoirengatik: EHUko UGTko buruzagia sartuta dagoen makurkerizko dialektika elikatzeko baino ez lukeelako balioko; eta egunero ezin dugulako atera bere panfletoak argitzera.

Gaur ordea, atera behar dugula erabaki dugu. STEE-EILAS, CC.OO. eta LAB sindikatuek ez dutelako onartu UGTren agiriak esaten duena: derrigorrezko hizkuntz eskakizunetan %52tik %58rako igoera adostu dugula; gezurra delako euskarazko Plan Gidari berriak (2013-17) ez duela betetzen eskatutako prozedura legala, ezta ere bertan %80 derrigortasun datak ezarri direnik AZPko lanpostuei. Ez eta bertan behera gelditu denik laneko jazarpenari buruzko hitzarmena ere.

Berez, sartu dugun aldaketa bakarra da aditu batek, Miguel Fidalgok alegia,  gomendatu zigun zehaztasun bat izan da: jazarpena egiten duen pertsona jakitun egin dezake (testuan jasota zegoen moduan) edo oharkabean (egiten duena jazarpena dela jakin gabe), eta administrazioak bi jokaerak zigortu behar ditu. Hitzarmena sinatu zuen gehiengo sindikalak (CC.OO, LAB eta STEE-EILAS) onartutako hobekuntza. Dena jakite aldera aipatu adituak goratu egin du hitzartutako testua; akordio on bat dela iritziz. UGTk ez du hau jaso bere panfletoan, noski.

Azken egunera arte jarrai genezakeen: UGTk sinatu ez zuen Berdintasunerako hitzarmena (bai ordea gehiengo sindikalak); Biblioteka Zentralean izandako heriotz-istripua ikertzen ari den batzordean parte hartzeari uko egin izana, guztien kontra gaizki esaka jarraitu ahal izateko eta hori bai, istripuaren zergatien argitze-lanetan busti gabe; e.a., e.a…

Ez dugu atera nahi aldi oro gezurtatzera beti pertsona berari, 2012ko aparteko ordainsaria aurreratzeagatik Errektoreari salaketa jarri zion horri (eta behin eta berriro ezetz esaten zuen gainera guk gezurretan harrapatu arte). Desitxuratutako eta testuingurutik ateratako berriak hedabideei ezkutuan ematen dien buruzagi horri; gogoratu matrikulak ordaintzeko laguntzekin gertatutakoa, unibertsitateko langileei halako kaltea eragin dien berria izanik zalantzarik gabe.

Bakarrik geratzen ari dela konturatu da. Bere lan-taldekideek ere alde egiten diote.

“Zenbat eta okerrago are eta hobeto” delakoaren estrategiaren aurrean, STEE-EILASek beti sustatu du ezberdinen arteko akordioa, elkarrekiko errespetuan oinarritutako batasunean bakarrik defendatu ahal izango ditugu gure eskubideak garai zail honetan.

Bide horretan, beste sindikatu batzuekin hitzarmen garrantzitsuak lortu ditugu, beti gehiengoan. Askotan negoziazio zailak izaten dira, eta zentral guztiek beti uzten dugu zerbait bidean, baina lortzen diren emaitzak onuragarriak izaten dira AZPko langileentzat. Abian jarri dugun dinamika hori ezin du geldiarazi buruzagi txerpolari batek.

STEE-EILASek lan-ildo horretatik jarraituko du. Ez gara eroriko negoziazioa egunero saboteatzeko estrategian. Batzuetan irainak botatzera iristen den estrategia.

Guzti hau esanda, bakoitzak erabakiko du zein gezur sinetsi nahi duen.