Home » Prentsa oharrak. Iritzia

Murrizketen aurkako GREBA OROKORRA irailak 26an

Submitted by on 2012-07-20 – 9:08 AMNo Comment

Espainiar Gobernuaren azken urteotako murrizketa sozialik handienaren aurrean Euskal Herriko hainbat eragile eta sindikatuen artean erasoaren tamainako erantzuna eman behar dela erabaki dugu, azken boladan mantendutako dinamikari jarraipena emanez eta gure eskura dauden tresna guztiak erabiliz, neurri hauei gure erabateko errefusa adierazi nahian.

Greba orokorraren deialdiarekin bat egiten dugu bestelako politikak lortzeko bidean gure konfiantza osoa gizarte-mobilizazioan berresten dugulako eta borondatea politikoa izanda, alternatiba errealak posibleak direlakoan gaudelako. Argi dago erantzun potente baten bila abiatu behar garela gizarte osoa erabat zapalduta utzi nahi baitute: herritar gehienon diru sarrerak txikitu, langabezian dauden pertsonen sarien kopurua jaitsi, pentsioak, menpe-kotasunezko prestazioak eta administrazio publikoetako langileon soldatak murriztu (aparteko soldata bat eta egun libreak kenduz), irakaskuntzako langileon lan baldintzak gehiago kaskartu, besteak beste.

Bidegabeko politikak izateaz gain jendartearen arazoak ez dira konponduko, pobrezia areagotzea eta eskubide sozialen ezabaketa eta zerbitzu publikoen suntsiketa besterik ez du ekarriko, guztion diruaren trasbase itzela emango baita, banketxeen negozioa salbatzeko beharraren aitzakia erabiliz, eta krisiaren sorreraren erantzukizuna daukatenei berriz, ez zaie inolako neurririk aplikatuko.

Irakaskuntzako langileok, gainontzeko langileok bezala, murrizketa ugari pairatu ditugu azken urteotan; gure kasuan, murrizketok -ordezkapenak, plantillak, soldatak, laguntzabaliabideak…- gure lan-baldintzen kaskartze larria ekartzeaz gain, irakaskuntza zerbitzua
bera kaltetzen ari dira. Irakaskuntzako langileok ezin gara geldirik egon zerbitzu publikoak eta irakaskuntza defendatzea nahitaezkoa zaigun une honetan.

STEE-EILAS-ek argi esan nahi du krisiaren bidezko irteerara murrizketen ez aplikazioan eta zerga zein politika sozialean aldaketa batean dagoela. Horregatik irailaren 26ko greba deialdia bultzatuko dugu jendarte osoko beste eragileekin batera politika publikoak, sozialak zein ekonomikoak erabakitzeko gure herriaren soberaniaren beharra defendatzeko ezinbesteko tresna baita, murrizketak bertan behera uztea exijituz eta Euskal Herriko erakundeei aplikatu ez ditzaten deituz.

Horregatik, oporretan merezitutako atseden ona izatea espero dugu, udazkena beroa datorrelako.