Home » Prentsa oharrak. Iritzia

EAEko hezkuntzak premiazko erabakiak behar ditu

Submitted by on 2012-11-21 – 2:06 PMNo Comment

Atzo Eusko Legebiltzarrak hasiera ofiziala eman zion agintaldi berriari eta aukera hori baliatu nahi dugu EAEko Hezkuntza Sistemak dituen premia nagusiak mahai gainean jartzeko. Zehatzago esanda, STEE-EILASeko kideok Hezkuntza Sistemak dituen lehentasunei heldu diezaien eskatu nahi diogu osatuko den gobernu berriari.

Aurreko legealdian hezkuntzak eta zerbitzu publikoek jaso dituzten murrizketa eta erasoek ez dute egoera hoberenean utzi Hezkuntza Sistema. Horrela baieztatu dute alderdi gehienek hauteskunde kanpainan. Aipatutako neurriek lortuak genituen kalitate eta ongizate mailak kaltetu eta arriskuan jarri dituzte. Bada, iritsi da garaia esandako horiei eta beste batzuei heldu eta erabateko norabide aldaketa ezartzeko, hezkuntza munduari begirako erabaki nagusiak hartzeko orduan.

Murrizketarena ez da bidea

Hezkuntza, Osasunbidea eta gastu soziala ukiezinak dira; denon ahotan hauek omen dira marra gorriak. Proposamen zehatzak luzatu nahi dizkiogu gobernu berriari:

1.- Orain arte ezarri diren murrizketak atzera botatzea, berdin plantilla eta baliabideei begira, zein langileon lan baldintzei dagokienean.

2.- Aurrekontuetan azken urteotan gauzatu diren atzerakadei aurre egin eta hauek handitzea, ELGAko herrien bataz bestekoa (BPGren %6,1) edo nazioarteko gomendioak erreferentziatzat hartuz.

3.- Inbertsio publikoa indartzea, azpiegiturak hobetzea eta behar berriei erantzutea.

4.- Madrilgo neurri murriztaileei uko egitea, ez direlako bertako egoerari begira hartutako neurriak, zerbitzu publikoen eraispena dakartelako, eta gizarte kohesioari eraso egiten dietelako.

Gure errealitateari egokitutako hezkuntza sistema eta hezkuntza politikak behar ditugu

Autogobernuaren bidetik garatu eta indartu behar dugu Hezkuntza Sistema, araudi propioa bertan gauzatuz, jokaera eta erabaki uniformatzaile eta inposaketa zentralisten aurrean bertako eskumenak erabiliz, eta  intsumisioaren bideak jorratuz. Horra lehentasunak:

1.- Irakaskuntza Publikoa, Haurreskoletatik Unibertsitateraino, ardatz nagusitzat hartuko duen hezkuntza sistemaren oinarriak adosteko bideari ekitea, kontsentsuaren eta akordio soziala eta politikoaren bideak irekiz eta hezkuntza komunitateko eragile guztien parte hartzea bermatuz.

2.- Euskararen irakaskuntza indartzea helburu nagusitzat hartuko duen hezkuntza planteamendua gauzatzea, ikasle guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko eta eleaniztasun planteamenduak modu egokian garatzeko.

3.- LOMCE delakoari ezetz borobila ematea, bertako errealitateari erantzuten ez diolako, inposatua, uniformatzailea, segregatzailea eta guztiz atzerakoia delako, hezkuntzan azken urteotan inklusibitatearen esparruan emandako aurrerapenak ezabatzen dituelako.

Baloreetan oinarritutako eta erronka berriei erantzuteko moduko hezkuntza inklusiboa behar dugu

Gure herria, kultura eta hizkuntzak aintzat hartuko dituen hezkuntza nahi dugu.  Hezkidetzan eta berdintasunean oinarrituta, pertsona ezberdinen arteko elkarbizitza indartzea izango du helburu, doktrinamenduei aurre eginez, bazterkeria saihestuz eta jatorrizko ezberdintasunak konpentsatuz.

1.- Bazterketa sozialari, ghettoei, hezkuntza premia bereziei eta eskola porrotari aurre egiteko erantzukizun soziala eta baliabide egokiak sustatzea.

2.- Doktrinamenduari eta erabilpen politikoari aurre eginez, elkarbizitzaren baloreak sustatuko dituzten proiektuak garatzea, norberaren eskubideak, herri eskubideak eta eskubide unibertsalak oinarritzat hartuko dituztenak.

3.- Teknologia berriak, ikerketa eta garapena giza baloreen eta hezkuntzaren zerbitzura jarriko dituzten egitasmoak gauzatzeko konpromisoa hartzea.

4.- Irakasle eta langileon prestakuntza eta baliabide egokiak bermatuko dituzten egitasmoak garatzea. Egitasmoen gauzatzea eta baliabide ekonomikoen erabilpena ikastetxeekin adostea, hauek egokitu ahal izateko.

Hezkuntzako sektore ezberdinetan neurri egokiak behar ditugu

1.- 0-3 etapan doako eskaintza publikoa zabaltzea kalitatezko parametroetan, Hezkuntza Sailaren gestio zuzenekoa izanik; “haur-etxeak” bertan behera uztea eta Haurreskolen kuoten igoerak ezabatzea.

2.- Eskola txikiei eta landa zonaldeetako eskolei arreta berezia eskaintzea.

3.- Irakaskuntza Publiko ez-unibertsitarioan ordezkapenak lehen egunetik betetzea eta plantillen handitzea, ikasleen hazkunde mailari aurre egiteko eta erronka berriei erantzuteko. Ordezkoen lan baldintzen hobetzea. Lan-legepekoen aurre-akordioa ontzat eman eta garatzea.

4.- Itunpeko ikastetxeetan, arautegia berraztertzea, segregazioa gauzatzen duten ikastetxeei itunak kentzea eta langileen ekiparazioa gauzatu ordainketa eskuordetua orokortuz.

5.- EHUn plantilla mantentzea eta aurreikusita zegoen finantziazio maila bermatzea, lanpostu galerarik ez izateko eta gradu berriak ezarri ahal izateko.

Bertan gauzatuko den negoziazio kolektiboa behar dugu

Azken urte hauetan ezarritako lan erreformek, pentsioen erreformak eta Madrilgo eta Gasteizko gobernuek hartutako neurri ezberdinek arriskuan jarri dituzte gure eskubide sindikal, laboral eta negoziazio kolektiborako bideak. Ez dugu onartuko bide beretik joko duen ekimenik edota jarrerarik, eta negoziazio kolektiborako eskubideak gauzatzea exijitzen dugu, bertan negoziatu, adostu eta erabakitzeko.

1.- Akordioak eta Lan hitzarmenak agortuak dituzten sektore guztietan negoziazio prozesuak irekitzea eta burutzea.

2.- Sektore ezberdinetako lanpostuak blindatzea, lan-legepeko langileei begirako balizko EREen bidea baztertzeko konpromisoa hartzea.

3.- Soldaten inguruko murrizketak eta izozketak bertan behera uztea; galdutako eros-ahalmena (%10,5 eta %13,3 artean)  berreskuratzea; gaixotasun egoerak ez zigortzea; gabonetako ordainsaria mantentzeko konpromisoa.

4.- Erretiroa, erretiro aurreratua eta errelebo kontratuei buruzko neurri mugatzaileak ez aplikatzea edota bertan behera uztea. Negoziazioa bideratzea.

Gure aldetik, dauden premia eta lehentasunei buruzko iritzia eman eta horietaz hitz egiteko prest gaudela adierazi nahi dugu. Egoerak eskatzen duen ardurarekin erantzuten jakingo dugu.

Etiketak: