Home » Nagusia, Prentsa oharrak. Iritzia

Langileok aldaketaren eragile. Lucha y dignidad

Submitted by on 30/04/2015 – No Comment

m1_moztuta

Badator Maiatzaren lehena. Esango dute aurtengo hau krisi egoeratik irten ginenekoa dela. Iturri ofizialek adieraziko digute datu makroekonomikoek noranzkoa aldatu dutela eta zenbaki gorriak atzean utzi ditugula. Baina, langileok ez dugu zer ospatu.

Ez dugu zer ospatu gezurra baita krisitik irteten ari garela. Langabetuen kopuru izugarria, lan-baldintza prekarioak, etxe-kaleratzeak, etengabeko murrizketak eta pobrezian bizi diren pertsonak adierazten digute langileok eta , oro har, gizartea krisi egoeran bizitzen jarraitzen dugula.

Ez dugu zer ospatu era dramatikoan nabaritzen ari garelako azken urteotan gobernuek ezarritako erreformen eraginak. Errefoma horiek indarra eman diete patronalei legez kanpoko kaleratzeak burutzeko epaiek argi utzi duten legez. Sistema publikoa – dela Osakidetza, dela Hezkuntza, are gehiago aurten LOMCE legea eta Heziberri programarekin, edo dela irrati publikoa – suntsitu nahi duten erreformak dira hauek.

Aipatu erreformek zaharkitua utzi dute mileurista terminoa; greban dauden Movistar eta Atento enpresetan argi geratu den bezala: 10 orduko lanaldiaren truke 800 €ko soldata jasotzen dute. Enpresa horietan hainbeste galdu dute ezen borrokatzeko beldurra bera ere galdu baitute. Egoera are larriagoa da etxeko langileen kasuan, hain zuzen. Dituzten lan-baldintzak eta dituzten soldatak esklabutzatik gertu dagoen egoera batera eramaten ari dira.

“Kontzertazio soziala” bultzatzen duen sindikalgintzaren jarrera eta ekintza lotsagarrien aurrean, lan-erreformen gaineko itunak, milaka lanpostuak galtzea ekarri duten ERE lotsagarriak, patronalarekiko itun izugarriak, hitzarmen atzerakoia eta gizarte paktuen aurrean, CGT, ESK eta steilas kalera atera gara klase-sindikalgintza, borrokalaraia, elkartasunekoa, langileena baita langileentzakoa aldarrikatzeko asmo tinkoarekin.

Maiatzaren lehenean steilas, CGT eta ESK kalera atera gara sindikalgintza zintzoa eta eskuzabala aldarrikatzeko… inola ere ez aberasteko, bezerozale eta gora egiteko balio duen sindikalgintza. Ez prestakuntza ikastaroen bitartez finatziatzen dena, dieta izugarriak izateko eta txartela-beltzez hornitzen duten administrazio-kontseiluetan parte hartzen duena.

Krisialdi urteotan argi geratu da kapitalismoak eta heteropatriarkala den sistema honek ez daukala konponbiderik. Kapitalismoak planetaren suntsiketa dakar, esplotazioa suspertzen du eta generoen arteko desberdintasunean oinarritzen da, emakumeek egindako lan reproduktiboa desitxuratuz. Horrelako sistema baliagarria da soil-soilik munduko aberastasunaren %50 duen populazioaren %1arentzat.

Jarraituko dugu aldarrikatzen gizarte justuago eta berdinagoa ahalbidetuko duen aberastasun eta lanen banaketa; azken finean, pertsona guztiak era duinean bizitzea bermatuko duena.

Hau guztia lortzeko, historiak erakutsi digu bide bakarra dagoela. Borroka. Eta gaurkoan ere hori aldarrikatuko dugu, borroka. Gaur ez dugu zer ospatu; gaur , maiatzaren lehena , gogoratu behar dugu langileen etorkizuna bermatuko dela kapitalismoa suntsituko duen borrokaren bitartez.

 

Horretan dihardugu eta horrela jarraituko dugu

Gora langileen borroka!

 

kartela tokiakM1

Etiketak: ,