Home » Prentsa oharrak. Iritzia

Zerbitzu publikoetako eta bere langileon lan-baldintzetako murrizketen aurkako mobilizazioak

Submitted by on 2012-05-17 – 1:26 PMNo Comment

STEE-EILASek eta ELAk duela 10 egun zerbitzu publikoetan iragarritako mobilizazioen atal bat birplanteatzen dute.

STEE-EILAS eta ELA sindikatuok gure salaketa berresten dugu, zerbitzu publikoak jasaten ari diren eraso sistematikoen aurrean, eskubide sozial eta laboralen murrizketen aurrean eta lanpostuen galera eta enpleguaren suntsiketaren aurrean. Bideratzen ari garen mobilizazio dinamikan ere jarraitzen dugula berresten dugu, Lakuako gobernuak duen jarrera eta interes elektoralak gora behera.

Testuinguru honetan PSEren gobernuak nahaste-borrastea sortu nahi izan du langile eta herritarrengan zerbitzu publikoak defendatzen dituenaren itxurak eginez eta Madrilgo neurriak aplikatzerako orduan duen benetako borondatea nahastu eta ezkutatu nahi izanez.

Ez dugu sinisten bere diskurtsoa, orain autonomista eta oinarrizko zerbitzu publikoen defentsakoa. Hiru urte daramate murrizketak egiten Madrilgo aginduei men eginez eta beraien ekimenez bideratutako beste hainbat murrizketak ere eginez. Zapaterok inposaturiko murrizketa guztiak inposatu dituzte eta berezko murrizketak ere ezarri dituzte (soldata-murrizketak, enplegu suntsiketa, lan-hitzarmenen edukia ez betetzea, lanbaldintzak, bajen kobertura, erretiroa, ordezkapenak, aurrekontuak…).

Hauteskunde aurreko testuinguruaz baliatuz oinarrizko zerbitzu publikoekin eta beren langileen egoera larriarekin jolasten ari dira. Beldur dira azken urteotako murrizketen aurkako mobilizazio dinamikak eta euskal langile eta herritarren jarrera argiak hauteskundeetan koste politikoa ekarriko dieten; horretxegatik dio orain Eusko Jaurlaritzak Madriletiko neurri hauek (murrizketak hezkuntzan, osasungintzan edo 37,5 orduak) indargabetuko dituela, baina aplikatuko ez dituela bermatu gabe. Izan ere, aurretiko guztiak aplikatu dituzte jada; ez dute berriro egingo?

Gure presioak eta euskal jendartearen oposizio argiak mugiarazi dute Eusko Jaurlaritza, eta orain hauteskunde aurreko kutsuko jarreran PPtik aldendu nahi du bere portaera zurituz, eta esaten du Madrilgo gobernutiko azken murrizketa hauek ez dutela EAEn inolako eraginik izango. Ez diegu sinisten eta argi eta garbi esan nahi dugu: hain autonomistak badira, zerbitzu publikoak horren sutsuki defendatu nahi badituzte, erreza dute, atzera bota ditzatela orain arte EAEn hartutako neurriak, Madrilgo murrizketak ez aplikatzeko konpromisoa har dezatela, langileon gainean eta jendartearen alderik ahulenaren gainean krisiaren zama jartzeari utz diezaiotela.

Gauzak horrela, mobilizazioak iragarri genituenean adostutako ardatz nagusiak berresten ditugu:

  1. Ez ditzatela onartu ezta aplikatu ere Madriletiko neurriak.
  2. Indargabetu ditzatela orain arteko neurri murriztaileak: gobernu dekretu bidez funtzio publikoan ezarriak, sektore desberdinetan inposatutakoak, aurrekontuen bidez eginikoak…
  3. Politika fiskalak alda ditzatela eta zerbitzu publikoak indartu ditzatela, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoak baitira.

Zerbitzu publikoetan mobilizazioak deitu genituen lau sindikatuok ez dugu lortu mobilizazio hauen inguruko birplanteamendua elkarrekin adostea, eta gauzak honela, irakurketa honetatik, ELAk eta STEE-EILASek zerbitzu publikoetako langileoi eta orokorrean gizarteari honakoa adierazi nahi die:

  • EAEko zerbitzu publikoetako greba deialdia birformulatzea erabaki dugu, maiatzaren 31rako borroka eta mobilizazio eguna iragarriz, kontzentrazioekin,itxialdiekin eta kaleko protestekin. Eguna 18:30etan egingo diren hiru manifestaziorekin burutuko da, Gasteizen, Bilbon eta Donostian.
  • EAEn aurrerago greba deialdia (egun batekoa edo egun gehiagokoa) egiteari ez dizkiogu ateak ixten; murrizketa gehiago ezarri nahi dituztela susmatzen dugunean zehaztuko duguna.
  • Gainontzeko instituzioei (udalei eta aldundiei) exijitzen diegu murrizketok ez ditzatela onartu ezta aplikatu ere.
  • Lan zentro guztietako eta zerbitzu publikoetako mobilizazio dinamika berretsi eta indartzen dugu.
  • Maiatzaren 20an eta 26an hiriburuetan, 60 inguru gizarte mugimendu eta sindikatuk deituta egingo diren manifestazioei gure babesa berresten dugu.

ELA eta STEE-EILAS sinistuta gaude gure indarrak ongi neurtu behar ditugula, eta zerbitzu publikoen aurkako erasoei ahalik eta tinkoen erantzun behar diegula; beste deialdietarako errespetutik abiatuta, langile guztiak deitzen ditugu helburu hauen aldeko mobilizazioetan parte hartzera, eta, bereziki, Madrilgo azken neurri hauen aplikazioa galarazten jarraitzera eta Iruñeako zein Gasteizko gobernuak inposatu dituzten murrizketa guztiak bertan behera uztera behartzera.

Nahitaezkoa da mobilizazioetan jarraitzea eta hemen erabaki nahi dugula aldarrikatzea, bizi garen lekuan, lan egiten dugun lekuan negoziatu nahi baitugu eta bertan ere gure zerbitzu publikoez, gure politika fiskalez eta dagokigun guztiaz erabaki.

Bilbon, 2012ko maiatzaren 16an

Etiketak: