Home » AZP

2018ko LEP, akordio sindikalik gabe: Administrazioak egonkortasunik gabeko langileen deialdia inposatzen du

Submitted by on 19/10/2018 – No Comment

Administrazioak 2018ko LEPeko proiektuarekin bakarka aurrera egitea erabaki du. Horrela jakinarazi zaigu gaur, urriaren 18an, osteguna, izandako bileran. Aurreko astean esan genuen bezala, Egonkortasun Akordiotik kanpo dauden 38 langile kalean geratzeko arriskuan jartzen ditu. STEILASek onartuko ez duen aurrekaririk gabeko ekimen bat da.

Administrazioaren immobilismoaren aurrean, STEILASek kaltetuen artetik jasotako erdibideko irtenbide bat proposatu du, beste sindikatuek ere begi onez ikusten dutena (UGT barne!): lanpostua finkatzea ez duten UPV/EHUko langileen birkolokazioa. Egonkortasun Akordiorik ezean, beraien etorkizuna jokoan ikusten dutenen jarraipena bermatzen duen neurria. Administrazioaren erantzuna: ez dakite egin ahal izango duten eta hurrengo bileran, urriaren 30ean, erantzungo dute.

Dirudienez, pertsona gutxi batzuen birkolokazioa garestiegia omen da UPV/EHUko poltsikoentzat. Ez ordea, duela gutxi epez kanpoko erreklamazioak egiteagatik izandako 160.000€tako galera. Ez dirudi, zeren eta galera horren erantzuleek ez omen baitute zigorrik izan. Argi dago hemen lehenengo eta bigarren mailako langileak badaudela: askoz gutxiagatik espedientea egiten zaiena eta behin eta berriro beraien gaitasun eza erakutsi arren sarituak direnak.

Desleialtasuna y promesa faltsuak

Administrazioaren jarrerak edozein negoziazioan beharrezkoa den konfiantzaren haustura suposatzen du, AZPren egonkortasunaren aldeko apustu garbia egin dugunontzat, eta beldurra erabiliz prozesu guztian zehar ibai nahasian arrantza egiteko aprobetxatu dutenei bultzada ematen die. Muturrek elkarren beharra dutela erakusten duen beste adibide bat, emaitza Unibertsitaterako langileen kalterako izan arren.

Duela bi urte, errektorearen taldeak, kanpainaren erdian, “tartean diren eragile guztiekin egonkortze hitzarmen berria negoziatzea, egungo egoerarekin bat etorriko dena” eskeintzen zuen. Era berean, “merezimenduetan eta gaitasunetan oinarritutako ibilbide profesionala sustatzea” agintzen zuen, eta merituetan soilik oinarritutako LEP bati buruz hitzegiten zuen ere, aldez aurretik ezinezkoa eta bidezkoa ez zela behin eta berriro esan arren… Baina hauteskunde-garaiak ziren.

STEILASek bere erabateko errefusa adierazten dio LEP proposamen honi. Bere garaian aldi baterako eta behin behineko langileentzat onuragarriak ziren akordioak sinatu genituen, bermatzaileak zirelako eta, aldi berean, etorkizunean kontratudun langileentzako eta funtzionarientzako baldintza onuragarrietan prozesuak egiteko oinarriak jartzen zituztelako. Ez egonkortasuna duten langileentzako soilik, baita beste guztientzat ere: gaur egun gehiengo nabarmena direnak

Arrazoiak daude administrazioari baldintza hauetan deialdia ez egitea eskatzeko. Adibidez, 2018ko Aurrekontu Legeak azkeneko 3 urteetan etengabe bete diren plaza guztiak finkatzeko Lan Eskaintza Publiko baten deialdia egitea ahalbidetzen du; dagoeneko Administrazioak buruan duen ideia bat.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak “Euskal Enplegu Publikoaren Legea”ren proposamena mahai gainean jarri duela gogoratu behar da, enplegua finkatzeko proposamen batekin; bere garaian eragin gaitezkeena eta Administrazioa eskaintzen ari dena baino hobea izan daitekeena.

Ezin da etxe honetan hainbat urtez lanean egon diren pertsonen etorkizuna arriskuan jarri. Ez da inorentzat egokia, ezta Administrazioarentzat ere, Unibertsitatea kudeatzeko beharrezkoa den ezaguera galduko lukeelako. LEP bai, baina bermeekin.

AZP guztiarentzat finkatze-programak erreklamatzen jarraituko dugu eta STEILASek orain arte sinatutako akordioen espirituarekin bat egiten ez duten LEP prozesuen kontra azaltzen jarraituko dugu foro guztietan.

Etiketak: