Home » Berriak, IIP

Osagarrien deialdiaren behin-betiko onarpena hurbil dago

Submitted by on 03/03/2015 – No Comment

2015an gauzatuko da bere osotasunean atzerako eragineko ondorio ekonomikoekin. STEILAS-ek eginiko lana eta borrokak bere fruitua emango du laster

diskriminazio_off Dakizunez abenduan Gizarte Kontseiluak ez zen onartu osagarrien deialdia.Gaia berrikusi eta Kontseilu horretako Batzorde Ekonomikora berriz eramateko konpromisoa bai hartu zen ordea. STEILAS-en ozen salatu genuen gertatutakoa eta exijentzia garbia egin: gaia hiltzen ez uztea eta gaiari berrekiteko lehenbailehen. Helburu horrekin jo genuen epaitegira berriz deialdia egin behar dela dioen sententzia egikaritzeko eskatzeko batetik, eta zuzendaritza taldeari eskaera zuzena egin genion gaia birbideratzeko epe laburrean. Berea baita irakasleon osagarrien ardura nagusiki.

Bada garaia Gizarte Kontseiluak hartutako konpromisoak bete eta deialdia onartzeko. Bada, gure lanak bere fruitua ematear dago. Badakigu Gizarte Kontseilua berriz bilduko dela laster -ziurrenik martxoaren amaieran- eta bertan landuko direla unibertsitate mailan orain pil-pilean dauden hainbat gai garrantzitsu (Ikastetxeen berrantolaketa, 2015ko aurrekontua, …) eta tartean izango da osagarrien deialdia ere. Beraz, hala bada apirila edota maiatzean zehar C tarteak eskatzeko aukera izango da.

Ematen du oraingoan gaia landuago dagoela eta ez dela izango inolako ezusterik edo blokeo egoerarik Gizarte Kontseiluan aurrekoan gertatu bezala. Izan ere, orain dela egun batzuk legebiltzarreko 4 talde parlamentario nagusiek (EAJ-PNV barne) Jaurlaritzari eskatu diote (EHUri ematen dizkion diru kopuruak igotzeaz gain) osagarrien deialdiak egitea ahalbidetzea.

Gainera martxoaren 12ko Gobernu Kontseiluak onartu egingo du hitzarmen bat UNIBASQ-ekin C tarteak eskatzeko plataforma informatikoaren inguruan eta sailen araudiaren aldaketa bat sailek bermatzeko C tarteen deialdiak indarrean daudenean sailetako kontseiluak behar beste aldiz bilduko direla hauen inguruko aldeko txostenak egiteko.

Horrela, 2014ko osagarrien deialdia bere osotasunean (B eta A tarteak barne) egitate bat izango da 2015 urtean zehar eta bere ondorio ekonomikoak 2016ko urtarrilean gauzatzea (atzerako eraginez bakoitzari dagokion datatik aurrera beti ere). Horrela bukaera emango zaio egun hainbat irakasleek jasaten ari diren diskriminazio egoerari.

Horretarako orain falta dena, eta une honetan arazoa dena, da UNIBASQ-en ebaluazio protokoloa. UNIBASQ zuzendari aldaketa prozesuan dago. Aurrekoak dimisioa eman du eta berria izendatu da baina oraindik ez da gauzatu erreleboa. Ezta protokoloa argitaratzeko data jakinik. Beraz, ez dago jakiterik A, B tarteak noiz eskatu ahal izango diren. Gure aldetik espero dugu abenduan onartua izan den protokoloaren publikazioa ez dela luzatuko gehiegi eta zuzendari aldaketak ez duela eragingo horretan. Eta beraz, protokolo horren publikazioa eta deialdia bera bere osotasunean 2015an gauzatuko dela aipatutako 2016ko ondorio ekonomikoekin.

Gure leloa “soldata duinak irakasle eta ikerlari guztientzat” gauzatzear dago. Gure borroka sindikalak fruitu garbia ematear dago. Osagarriak eskuratu eta kontsolidatu. Horra hor fruitua. Urrats handia zalantzarik gabe irakasle guztientzat, baina bereziki soldatak hobetzeko luzaroan aukerarik gabe egon direnentzat.

Etiketak: