Home » Berriak

Euskararen Plan Gidaria 2013-2017

Submitted by on 15/11/2013 – No Comment

plan_director_euskeraZuzendaritza taldeak aurkeztu berri du 2013-17 aldirako Euskararen Plan Gidaria.Euskara Batzordea lanean aritu da irailetik, osatu bezain pronto, eta jada proposamen sendoa aurkeztu dute gobernu kontseiluan, tokiko euskara batzorde eta sindikatuen proposamenak jaso ondoren. Orain azaroaren 28arte azken epe bat dago zuzenketak egiteko abenduan behin-betikoz onartu aurretik.

Proposamena aurreko Plan Gidariaren jarraipen argia da, jauzi kualitatibo handirik gabe. Aurrekoaren atal ia berak jasotzen ditu. Zerbitzuetan arreta elebiduna ziurtatzea da helburua AZPko arloan eta 223 derrigortasun data berriak jarri dituzte jendaurreko lanpostuei gehien bat.

Irakats eskaintzan aurrerapen txiki batzuk baino ez du jasotzen. Horrela graduetan egundo bete gabeko konpromisoak berrezteaz gain aurrerapen txikiak ezartzen dira titulazio berrietan. Gradu-ondoetan jauzia emateko erantzukizuna gradu-ondokoen plan estrategikoaren esku uzten du gehien bat, planean neurri txiki zehatz batzuk finkatzera mugatuz.

Berritasun pozgarririk handiena ikerkuntza atala sartzearena da zalantzarik gabe. Ikerketa arloan euskarak duen presentzia eta erabilpena eta baita dituen oztopoak identifikatu eta neurriak hartzeko konpromisoa jasotzen du. Geroko uzten du edozein neurri hartzea baina. Pena da seinale argiren bat ez finkatzea planaren hasieratik.

Gure lehen balorazioan uste dugu plana gehiegi mugitzen dela murrizketa testuinguru honetan egin daitekeenera euskararen normalizazioak gure unibertsitatean dituen erronkak bere horretan aztertu eta sakontasunez planteatu eta konponbidean jarri ordez. Ez du agertzen ezta ere horretarako beharrezkoak diren baliabideak borrokatzeko asmorik, 2015-2018 unibertsitate plana ate joka dagoenean.

Horrela esaterako ez da jartzen helburu gisa gradu guztiak euskaraz eskaintzea; edota gradu-ondoetan euskararen presentzia duina izateko neurri zehatzik. Ematen du zuzendaritza taldeak ez duela aurreikusten baliabide berririk euskararen normalizaziorako jaurlaritzaren aldetik eta apustu mugatua egin nahi duela.

Gure aldetik saiatuko gara Euskara planak ahalik eta pausu gehien ematea euskararen normalizazioan. Hurrengo buletinean egingo dugu planaren balorazio osatuagoa.