Home » Berriak, IIP

Promozio eta kontsolidazioa izoztuta eta egonkortasun akordioa bukatzear

Submitted by on 02/04/2014 – No Comment

becarioprecario

Aukera guztiak baliatu behar dira promozioa eta kontsolidazio aukerak martxan jartzeko eta Egonkortasun Akordioa berritzeko

Indarrean dagoen 2014ko Madrilgo aurrekontu legeak debekua ezartzen du berriro ere administrazio publikoetan, unibertsitatea barne, lanpostu finko berriak sortzeko. Horrek modu zuzenean ekiditzen du karrera akademikoa egiten ari diren irakasle eta ikertzaileen promozio eta kontsolidazio aukerak. Aurrekontu legeak ekarri duen aurrerapen bakarra da indarrean dagoen birjartze tasa horren barruan egin daitezkeela lanpostu laboralen aldeko apustua, ez dela derrigorra funtzionarioen plazak ateratzea. Horrela orain unibertsitateak erabaki behar du zein lanpostu finko atera deialdira muga hertsi horren barruan. Irakasle eta Ikerlarien Batzordeak egin behar du proposamena eta Gobernu Kontseiluak onartu, sindikatuak hartu ondoren.

Horren inguruan gure jarrera argia da: postu finkoak ateratzeko aukera hau erabili behar da irakasle atxikien kontsolidazioa bermatzeko. Eta aukera dutenak sortuko diren lanpostuak baino gehiago direnez, irizpide garbi eta objektiboak jartzearen alde gaude, atxiki gisa daramaten urte kopurua esaterako.

Gu prest gaude egoera bidegabe hau gainditzeko egin beharreko ahaleginak egiteko. Momentuz dakiguna da CRUE mailan eskaria egin zaiola Hezkuntza Ministroari ez jartzeko trabarik postu finkoak ateratzeari unibertsitateen aurrekontua ez bada handitzen. Erantzuna gaia aztertzeko batzorde bat eratuko dela. Eta, ondorioz, ez dago bestelako berririk gaiaren harira.

Bestalde, 2014ko abenduaren 31an bukatzen UPV/EHUko irakasle eta ikerlarien egonkortasun akordioa. Eta unea iritsi da bere luzapenaz eta 2015eko egoeraz aritzeko. Horrela jada eskari garbiak luzatu dizkiogu bilera sindikaletan administrazioari gai hau udako oporren aldetik negoziatu eta adostu behar dela. Hainbat irakasleek akordio honi esker bere egoera kontsolidatzea lortu badute ere, bada talde bat ez duena lortu eta hauentzako irteera duin bat adostu behar da. Horretan ere gure konpromisoa garbia eta irmoa da.