Home » Berriak

STEE-EILASek errektore hautagaiari

Submitted by on 30/11/2012 – No Comment

Murrizketak, inposatutakoak izateaz gain, bidegabeak diela entzun diogu maiz errektorerako hautagaiari. Jakina, Euskal Herriko Unibertsitateko langileok hori badakigu. Horregatik mobilizazioetara jo dugu, horregatik parte hartzen dugu protestetan, horregatik greba orokorrera atera gara. Eta bide horretatik jarraituko dugu, ez bakarrik gure eskubideen alde, baizik eta kalitatezko eta euskal gizartearen zerbitzurako egon behar duen unibertsitate publikoaren alde.

Hautatua izanez gero, langileen sumina, borroka eta konpromisoa berea egiten duela erakusteko aukera izango du. Gure unibertsitatea publikoan lan eta ikasten dugun pertsonen duintasuna eta justizia sozialeko rankingaren buru izateko prest dagoela, alegia.

Kalitatezko unibertsitateko publikoaren aldeko langileak garen aldetik, poz handiz hartzen ditugu unibertsitate honek lortzen dituen arrakasta eta errespetua, ikerketa arloan zein beste alor akademikoetan. Lorpen horiek bene-benetan gureak bezala sentitzea nahiko genuke. Baina une honetan ez dugu horretarako animurik. Izan ere, une honetan etxe honetako langileok zigortuak eta gaizki tratatuak izaten ari gara, Madriletik inposatutako murrizketak arrazoi. Langileok egiten dugu unibertsitatea, pertsonak dira benetako protagonistak. Eta pertsonak programaren lehengo lerroan jartzeko unea da.

Badakigu ez dela izan egungo errektorea eta hautagaia neurri bidegabe horiek sortu dituena, baina berak modu garbian adierazi behar du egoeraren larritasunaz jabetu dela murrizketen aurkako jarrera eta irudi tinkoa azalduz. Murrizketarik ez errektore jauna, murrizketarik ez hautagai jauna.

Egoera ekonomikoa zeharo aldatu da. Krisialdian gaude eta bertatik ateratzeko krisi egoeran sakontzera garamatzaten urritasun eta murrizketa politikak nagusitu dira, hau da, finantziazio publikoa eta eskubide laboral eta sozialak murrizteko politikak. Testuinguru honetan unibertsitateak funtsezko eginkizuna du: gizartearen benetako arazo errealei aurre egiteko eta krisi honetatik bide gizatiar, solidario eta bidezkotik ateratzeko gai izango den ezagutza kritikoa sortzeko gaitasuna izatea.

Hau guztiarengatik, uste dugu unibertsitateko egungo arduradunek eta errektore izateko hautagaiak lehentasunezko oinarrizko lerro hauek eduki behar dituztela datorren agintaldian:

UPV/EHUko langile guztien lanpostuen eta kalitatezko enpleguaren etsi gabeko defentsa amorratua bai AZP mailan bai IIP mailan. Bereziki egoera ahulenean dauden eta murrizketa politiken jomuga nagusia diren lan itunpeko langileak. Historikoki ahaztua izan de lan talde horretan prekarietate maila oso handia da, eta AZP arloan bere lan egoera egonkortzeko aukerarik ez dute izan aurreko legealdian. Horretarako baldintza egokietan lan enplegu eskaintza ezinbestekoa da. IIPren kasuan ere bere egonkortasun aukerak oztopatuak izan dira lanpostu finkoak sortzeko debekua eta plantillak gaztetzeko indarrean zeuden aurrejubilazio neurrietan izandako murrizketen ondorioz.

Jarduera unibertsitarioa modu egokian bete ahal izateko beharrezkoak diren diru baliabide nahikoen aldeko defentsa sutsua, indarrean dagoen 2011-2014 Unibertsitate Planean jasota dauden kopuruak mantenduz gutxienez. Bereziki, kalitatezko enplegua sortzeko plazen kopurua ere.

Murrizketarik ez. Unibertsitate honek baditu giza-baliabideak eta tresna teknikoak murrizketak ezartzeari sahiesteko. Baliabide eta neurri hauek abian jartzeko sustatzea hurrengo Errektoreari dagokio.

Euskal gizarteak bere osotasunean dituen goi mailako formazio beharrei erantzun egokia emateko konpromisoa, ez soilik enpresak dituzten interesei jarraituz, eta bereziki gizarteko kolektibo desfaboratuenak dituzten formazio beharrei erantzutea.

Krisi honetatik bide gizatiar, solidario eta bidezkotik ateratzeko bideak bilatzeko konpromiso argia, pertsonen duintasuna eta eskubideen aldeko apustuaren bidetik.

Horregatik guztiagatik, STEE-EILAS-ek kontzentraziora deitzen du bihar azaroaren 30an goizeko 9:30tan UPV/EHUk Bilbon duen Paraninfoaren aurrean murrizketa politiken aurkako jarrera agertzeko, eta gogoratzeko UPV/EHUko hauteskundeetara aurkeztu den hautagai bakarrari krisi garai honetan bera zuzenean arduratu behar dela unibertsitate publikoaren eta unibertsitate komunitatearen eskubideen defentsaz.

UPV/EHU-N MURRIZKETARIK EZ!

ZERBITZU ETA LANPOSTU PUBLIKOAK, KALITATZEKOAK!!!

LAN ETA GIZARTE ESKUBIDEEN ALDE!