Home » Berriak, IIP

STEE-EILAS-ek berehalako irtenbidea eskatzen du irakasle eta ikerlari egonkorrentzat

Submitted by on 2014-09-23 – 8:02 AMNo Comment

unibasqLuzapen legala negoziatu eta 2015ko aurrekontu legean jasotzea eskatzen du

Uztailean sindikatuekin izandako bileran Zuzendaritza Kontseilua prest agertu zen bai Jaurlaritzari egonkortasun akordioa babesten duen lege xedapenaren luzapena eskatzeko, baita kolektibo honetako kideen lan harremana mantentzeko ere norbanako konpromisoen bidez. Hauek ezberdinak izan daitezke kasuan kasu.

STEE-EILASek lehen bidea lehenesten du, xedapen legalaren luzapenarena kolektibo osoarentzat. Proposamen zehatza egin genuen horren gainean: eskari bateratua (administrazioa eta sindikatuak) egitea Eusko Jaurlaritzari xedapen hori negoziatzeko bilera eskatuz. LABek eta CCOOk garbi egin zuten bat proposamenarekin. ELAk aztertu behar zuela esan zuen eta UGT-k ez zuela sinesten hortik ezer onik etorriko zenik. Bi sindikatu horien jarrera oztopatzailea gaindituz, azkenean, lortu zen adostea eskari bateratua luzatzea Jaurlaritzari. Uztaileko lehen hamabostaldian gauzatu zen , hain zuzen ere, eskaria.

Iraila aurrera doa eta Jaurlaritzak ez dio oraindik formalki erantzun uztaileko planifikazio bileran hartutako aipatu akordioari (bilera babes legalaren luzatzea negoziatzeko). Datu eguneratuak eskatu ditu eta gaia aztertzen ari omen da. Atzoko planifikazio bileran jakin genuen egun hauetan bilera izan dela gobernua eta Zuzendaritza Kontseiluaren artean. Ematen du hiru urteko luzapenaren aldeko jarrera agertu duela Jaurlaritzak. Baina bilera eta gaia ezin dira gehiago atzeratu. Proposamena eraginkorra izango bada hilabeteko epea bete aurretik lortu behar da adostasuna modu ofizialean, Jaurlaritzak urrian aurkeztu behar duen aurrekontu legearen hasierako zirriborroan sartu ahal izateko.

Kolektiboak bere geroaren inguruko berri zehatza eta garaiz emandakoa izatea behar du, azken unera itxaron gabe.STEE-EILAS-en gurea egiten dugu behar hori eta ondorioz bai Jaurlaritzari bai Zuzendaritza Taldeari exijitzen diogu berehala abian jartzeko xedapen honen gaineko negoziazio sindikala kolektiboari irtenbide argia emateko. Gaia bideratzen hasia da baina garaiz gauzatu behar da modu formalean Lan horretan gure laguntza izango dute.