Home » IIP

STEE-EILASek errektore hautagaiari

Submitted by on 29/11/2012 – No Comment

Murrizketak, inposatutakoak izateaz gain, bidegabeak diela entzun diogu maiz errektorerako hautagaiari. Jakina, Euskal Herriko Unibertsitateko langileok hori badakigu. Horregatik mobilizazioetara jo dugu, horregatik parte hartzen dugu protestetan, horregatik greba orokorrera atera gara. Eta bide horretatik jarraituko dugu, ez bakarrik gure eskubideen alde, baizik eta kalitatezko eta euskal gizartearen zerbitzurako egon behar duen unibertsitate publikoaren alde.

Hautatua izanez gero, langileen sumina, borroka eta konpromisoa benetan berea egiten duela erakusteko aukera izango du. Gure unibertsitatea publikoan lan eta ikasten dugun pertsonen duintasuna eta justizia sozialeko rankingaren buru izateko prest dagoela, alegia.

Kalitatezko unibertsitateko publikoaren aldeko langileak garen aldetik, poz handiz hartzen ditugu unibertsitate honek lortzen dituen arrakasta eta errespetua, ikerketa arloan zein beste alor akademikoetan. Lorpen horiek bene-benetan gureak bezala sentitzea nahiko genuke. Baina une honetan ez dugu horretarako animurik. Izan ere, une honetan etxe honetako langileok zigortuak eta gaizki tratatuak izaten ari gara, Madriletik inposatutako murrizketak arrazoi. Langileok egiten dugu unibertsitatea, pertsonak dira bene-benetako protagonistak. Eta pertsonak programaren lehengo lerroan jartzeko unea da.

Badakigu ez dela izan egungo errektorea eta hautagaia neurri bidegabe horiek sortu dituena, baina berak modu garbian adierazi behar du egoeraren larritasunaz jabetu dela murrizketen aurkako jarrera eta irudi tinkoa azalduz. Murrizketarik ez errektore jauna, murrizketarik ez hautagai jauna.

Egoera ekonomikoa zeharo aldatu da. Krisialdian gaude eta bertatik ateratzeko krisi egoeran sakontzera garamatzaten urritasun eta murrizketa politikak nagusitu dira, hau da, finantziazio publikoa eta eskubide laboral eta sozialak murrizteko politikak. Testuinguru honetan unibertsitateak funtsezko eginkizuna du: gizartearen benetako arazo errealei aurre egiteko eta krisi honetatik bide gizatiar, solidario eta bidezkotik ateratzeko gai izango den ezagutza kritikoa sortzeko gaitasuna izatea.

Hau guztiarengatik, uste dugu unibertsitateko egungo arduradunek eta errektore izateko hautagaiak lehentasunezko oinarrizko lerro hauek eduki behar dituztela datoren agintaldian:

-Irakasle eta ikerlarien lanpostuen eta kalitatezko enpleguaren etsi gabeko defentsa amorratua. Bereziki egoera ahulenean dauden eta murrizketa politiken jomuga nagusia diren lan itunpeko langileak.

-Jarduera unibertsitarioa modu egokian bete ahal izateko beharrezkoak diren diru baliabide nahioen aldeko defentsa sutsua, indarrean dagoen 2011-2014 Unibertsitate Planean jasota dauden kopuruak mantenduz gutxienez.

-Murrizketarik ez. Krisi honetatik bide gizatiar, solidario eta bidezkotik ateratzeko bideak bilatzeko konpromiso argia, pertsonen duintasuna eta eskubideen aldeko apustuaren bidetik.

-Euskal gizarteak bere osotasunean dituen goi mailako formazio beharrei erantzun egokia emateko konpromisoa, ez soilik enpresak dituzten interesei jarraituz, eta bereziki gizarteko kolektibo desfaboratuenak dituzten formazio beharrei erantzutea.

STEE-EILAS-ek lanean jarraituko du UPV/EHU euskal gizartean eredugarri izan dadin unibertsitate mailako zerbitzu publikoa eskaintzen honako irizpideak jarraituz: euskal gizarte osoaren beharretara moldatuz bere eginkizuna, murrizketa politiken aurka eginez langile (AZP eta IIP)eta ikasleen eskubideak defendatuz, eta kalitatezko zerbitzu publikoa eskainiz eta bermatuz.