Home » Berriak, AZP, IIP, Prentsa oharrak. Iritzia

STEILAS unibertsitate mailako ikasketen erreformaren aurka

Submitted by on 05/02/2015 – No Comment

Irakaskuntzako Atilak, Wert ministroak, unibertsitate graduak erreformatuko dituen Errege Dekretua eraman du gaur Espainiako Ministro Kontseilura. Erreforma horren bitartez, unibertsitateek graduak lau urtetik hiru urtera laburtzeko aukera izango dute, masterrak urte batetik bi urtera zabalduz.

Erreforma hau arbuiatzeko arrazoi asko dago, eta erakunde eta gizarte eragile ugarik horrela ikusi dute: Estatuko Kontseiluak, Errektoreen Konferentzia, irakaskuntzako sindikatu guztiek, ikasleen kontseiluak….

Barrabaskeri honek ondorio ezberdinak ditu (lanekoak, sozialak, irakaskuntzan…),  baina bat azpimarratuko dugu asko kezkatzen gaituelako: unibertsitate mailako irakaskuntzaren garestitzea erakarriko du. Eta ondorioz goi-irakaskuntza elitizaziorako bidea abiaraziko du. Pasa den mendeko hirurogeita hamar urteetako aldarrikapen hura -“langilearen seme-alabak unibertsitatera!”- entzun beharko dugu berriro gure kaleetan?

Egungo gradu-ikasketak lau urtetan daude egituratuta, gehi urte bateko masterra. “4+1” sistema hau “3+2” sistema izatera pasako da. Masterreko kredituak askoz garestiagoak dira gradukoak baino, hiru aldiz garestiagoak izan daitezke. Argi dago, karrerak dezente garestituko dira. Baliabide ekonomiko gutxien duten gizarte-taldeek oztopoko gehiago izango dute unibertsitatean sartu ahal izateko.

Laburtze horrek ere eragin zuzena izango du graduen izaeran: graduak oraindik ere orokorrago eta generalistagoak bihurtuko ditu. Horrela, gradu bat izateak lanpostu kualifikatu eta espezialituetara sarbidea ez du bermatuko. Gaurko unibertsitari gazteek zailtasun handiak baldin badituzte lan merkatuan sartzeko, erreformaren ondoren graduen iraupena eta kostua handiagoa jasan beharko dute.

Plantileei dagokienez, Ikasketa Planetan egin beharko diren egokitzapenak aitzakia ezin hobea izango da lanpostu asko desagertarazteko.

Europako beste herrialdeetako unibertsitari irakaskuntzarekin homogeneizatu nahi du erreforma honek dio Wert-Atilak. Hala ere, Consejo de Estado delakoak erreformaren proiektuaren aurkako iritzia eman du: Europarekiko homologazio hori nekez lortuko da “gure estatu barruan titulu berdin batek iraupen ezberdinak baditu unibertsitate batean edo bestean”.

Halaxe da, zeren eta aldaketa ez baita derrigorrezkoa, hautazkoa baizik. Batzuek aldaketa egingo dute eta beste batzuek ez. Eta hemen hasiko da anabasa. Estatuko Kontseiluak dioen bezala gradu berdinek iraupen ezberdina izango dute unibertsitate bakoitzaren arabera.

Gainera, Boloniako lehenengo ikasleen belaunaldiek ikasketak amaitu berria dituzte, eta oraindik aurreko planeko ikaslerik ere badago. 4+1 sistemaren emaitzak ez dira ez aztertu ezta ebaluatu ere. Estatuko Errektoreen Konferentziak aldaketa honi buruz horrela salatzen du: “no se han hecho estudios previos y los indicadores que tenemos lo desaconsejan”.

Aldatu aldatzeagatik, eta pribatuen mesederako susmatzen dugu. Eta bukatzeko Wert-Atilaren klasiko bat: ez da ezer adostu, gizarte eta irakaskuntzako eragileekin ez da negoziatu ezta kakotx bat bera ere

Modu positiboan baloratzen dugu Errektoreen Konferentziak hurrengo bi urteetan behintzat erreforma indarrean ez sartzeko hartutako konpromisoa, egungo graduen ezarreraren funtzionamendua ebaluatu arte behintzat. Norabide egokian hartutako neurria da zalantzarik gabe baina ez nahikoa, mugatua baino. Unibertsitatearen elitizazio eta lanpostuen galera arriskuak horretan darrai eta.Hau guztia dela eta STEE-EILASek ezetz dio erreforma honi, eta gure ahalegin guztiak jarriko ditugu atzera botatzeko.

Etiketak: , , ,