Home » AZP, Prentsa oharrak. Iritzia

Trabarik ez Compasi!!!

Submitted by on 26/09/2013 – No Comment

20130900 compas portadab Bolada txiki batez azaldu gabe Compas pasa den abenduan itzuli zen. Nolabaiteko aldizkakotasuna berreskuratzea dugu helburu (nolabaitekoa bai, apalak izan gaitezen) Compasek berriro bisita gaitzan bere ohizko atal guztiekin.

1991ko azaroan argitaratu genuen lehenengo Compas. Hain urruti dagoen egun haren geroztik langile guztion bidelaguna izan da Compas, eta ondo baino hobeto bete du bere beste zeregina: STEE-EILAS sindikatua eta langile ororen arteko komunikaziorako tresna izatea.

Compasen kritikek ederki astindu dituzte Errektore guztiak, bat bera ere ez da libratu (txaloren bat jaso dute ere merezi izan dutenean). Gerente eta gerente-ordeen zigorra izan da. Aldarte onik ez zuen “gerenshiadore” batek epaitegietara eraman gintuen ere, bere kalterako kereila galdu baitzuen.

Compasek irrifarrak atera ditu, batzuetan algarak ere.Eta, batez ere, denaz informatu die langile guztiei, inor alde batera utzi gabe. Compas langilearen mahaira iristen da, besterik ez. Gero norberak hautatzen du zer egin: irakurri, bazter batean utzi beste paperen artean, edo zuzenean birziklatzera bidali.

Zuek guztiok oporretatik itzulitakoan Compas berri bat mahai gainean aurkitzea zen gure nahia. Ale berri hori duela hiru aste atera zen inprentatik. Haren geroztik biltegi batean dago banaketaren zain. Zergatik? Ez, oraingo honetan ez da izan gure baldarkeria edota inprobisazioarengatik: EHUko Gerentziak ez digu eman nahi langileen errolda Datu Pertsonalen Babesarako legean oinarrituta.

Errolda eskatu genuenetik hiru aste baino gehiago igaro ondoren irailaren 17an jaso genuen erantzuna: Gerentzia taldeak bilera egingo du irailaren 19an eta bertan erabaki bat hartuko dute gure eskaeraren inguruan. Seguruenik ezetza berretsiko dutela aurreratu digute. Errektore-orde batek erantzuna jasotzeko hiru aste itxaron beharko balu sutan jarriko litzateke, normala. Zer esanik ez errektore bati gertatzen bazaio. Baina sindikatu ziztrin batek itxaron dezala. Errektorerako hauteskundeetan langile guztiok hautagaiaren gutun bana jaso genuela gogora ekarri nahi dugu,
gutun-azalean norberaren izen-abizenak jarrita. Kasu hartan behintzat Datu Pertsonalak Babeserako legea ez zuten aintzat hartu.

Badute milaka argudio ematea, sekulan erakusten ez dizkiguten txosten juridiko ospetsu horietan oinarri har dezakete. Baina ez gaituzte geldiaraziko. Badugu irudimen nahikoa, eta gogoa soberan, are gehiago probokazio honen ondoren. Bide batetik edo bestetik Compas beti iritsiko da etxe honetako langile guztien mahaietara. Eskuartean duzun alea da horren froga.

Mila esker.

Etiketak: ,