Home » AZP, IIP

UPV/EHU aurrekontuen aurrean: Ez antzerki, ez txeke zuririk!

Submitted by on 15/06/2017 – No Comment

Jaurlaritzaren eskutik unibertsitate publikoa jasaten ari den mespretxua salatzeko proposamena luzatzen diogu Gobernu Kontseiluari

Gaur, osteguna, gobernu kontseilua. Eztabaidagai, unibertsitateko aurrekontua; 2010. urtean genuen aurrekontua baino %15 baxuagoa den aurrekontua (405 milioi), alegia. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak – jasoko dugun diruaren zenbatekoa erabakitzeko aukera duenak – bere aurrekontu propioa krisi aurreko zifretaraino igo du.

  1. urtean jaso genuen (437 milioi) dirua baino gutxiagorekin, Eusko Jaurlaritzak egindako mespretxuak, berriro ere, mugatu egin dio UPV/EHUri garatzeko eta berreskuratzeko ahalmena; eta horrekin batera, irakaskuntza publiko osoari.

Hona hemen, Cristina Uriarte eta bere lagun-taldeak inposaturiko murrizketa horien ondorioetako batzuk:

  • Kontratu-Programa deritzonetik finantzatzen diren AZPko langileen 100 lanpostu baino gehiagok erregularizatu gabe jarraitzen dute; zergatia, Eusko Jaurlaritzaren borondate eza da
  • AZPko langile funtzionarioen erdia baino gehiago eta lan-itunpeko langileen %80tik gora egiturazko behin-behinekotasuna jasaten ari da.
  • Sententzia bidez lorturiko beste osagarri gehigarrien aurrean Eusko Jaurlaritzak jarririko azken errekurtsoa dela eta, IIParen kolektiboa harri eta zur geratu da.
  • IIP ez-finkoentzat bosturtekoak eskatuz helegitea jarri behar izan du STEILASek auzitegietan; temati azaltzen baitira ezezkoan.
  • Galdu dugun erosahalmena %5etik gorakoa da eta Itzarriko ekarpenak kendu dizkigute.
  • Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria eraiki ahal izateko 65 milioiko finantzazio pribatua lortzea exijitu zaigu… Amancio Ortegari deitu beharko diogu akaso?

Hala ere, Jaurlaritzaren jarrera ez da beti berdina, aizue! Madrilgo Gobernuaren aurrean bere interes propioak defendatu behar izan dituenean… ez dirudi utzikeria berbera izan duenik!

Gauzak horrela, Rajoiren aurrekontu lotsagarriak Montororekin negoziatu dituenean bere joera argi ikusteko aukera izan dugu: Ertzaintzaren LEParen alde egin du gureak defendatu beharrean edota 3380 milioi euro lortu ditu Abiadura Handiko Trena aurrera ateratzeko, ez, ordea, unibertsitate publikoaren azpiegitura hobetzeko. Posiblea da, antzina gertatu ohi zen modura, unibertsitate pribatuaren aurrerapena bermatzeko asmoarekin egin izana; urte gutxi batzuetan Medikuntza Fakultate berria martxan izatea aurreikusia dago eta.

Eta zer egin dute UPV/EHU zuzentzen dutenek?

Tamalez, ordezkatzen gaituzten horiek ez dute txintik ere esan, Lakuak inposatu dizkigun murrizketen aurrean.

UPV/EHUko buruzagiak finantziazio pribatuaren alde agertu izan dira, beraz, nola kritikatu dute orain Eusko Jaurlaritzak Medikuntza eta Erizaintza Fakultateen finantzaketa pribatizatzeko exijitzea? Bada, ez digute Cristina Uriartek UPV/EHUko diru-kutxari ostikoa ematean kexati agertzearen poztasunik eman.

Blokeo egoerak ekidin behar dira

Eta orduan, zer egin dezakegu? Lehen begiratuan, dudarik gabe, aurrekontuei ezezkoa ematea da; unibertsitate publikoarentzat nahi dugunetik oso urruti baitaude.

Hala ere, benetako arazoa aurrekotuen proiektuaren baitan ez dagoela badakigu, eta, gainera, kontra bozkatzearekin ez dugu aldaketarik

lortuko: diru kopuru bera izango dugu eta dotazio berberarekin jokatu beharko dugu. Egoera ezegonkor batera bultzatuko genuke unibertsitatea, eta horrekin, egun ditugun arazoetako asko konpontzea lortzeko aukera galduko genuke.

Gauzak horrela, eraso horien aurrean, unibertsitate publikoari eginiko oldar larri horiei irtenbidea ematea ezinezkoa da osoko zuzenketa batekin. Egunkarietako titularrak bete ditzakegu, baina besterik ez dugu

lortuko: benetako arazoa, benetako erruduna, ez dago aurrekontuetan.

Horregatik guztiagatik, ezin zaigu eskatu apaltasunez kontu horiek babesten jarraitzea: Eusko Jaurlaritzaren politika erasotzaileen marka ezabaezina daramate! Urteek aurrera darraie eta UPV/EHUk otzantasunez onartzen ditu gobernuaren tratu txar eta inposizioak! Unibertsitate publikoak hordagoa botatzeko garaia du aspaldian!

Horrenbestez, STEILAS abstenitu egingo da aurrekontuen proiektua bozkatzean. Ez dizkio unibertsitate publikoari balazta gehiago jarriko, unibertsitateak aurrera egitea nahi du. Horrez gain, unibertsitate publikoaren babeserako akordio berria eratzea bultzatuko du eta gobernu kontseiluak – etengabe jasaten ari den tratu txarrak kontuan izanda– Jaurlari­tzari haserrea adierazteko proposamena ere luzatuko du.