Home » IIP

UPV/EHU-ren graduondoko irakats-eskaintza kokatzeko mapa

Submitted by on 2013-11-15 – 10:38 AMNo Comment

brujulaAtzoko gobernu kontseiluan aurkeztu egin zen UPV/EHUko gradu-ondoen eskaintza kokatzeko mapa. STEE-EILAS-en aspaldi daramagu mapa horren beharra aldarrikatzen, ez genuela ondo ikusten master berrien sorrera modu isolatuan plangintza eta helburu argirik gabe.Eta azkenean heldu egin da-ez da gauza bera gertatu graduen kasuan esaterako. Uste dugu mota honetako mapa batetik bakarrik moldatu daitekeela egun dugun eskaintza euskal gizarteak gradu-ondo mailan dituen beharretara.

Aurkeztutako azterketak egun dugun hiru eskaintza motak biltzen ditu: master, doktorego eta berezko tituluak. Eta hori 18 espezializazio arlo ezberdinetan banatuta egungo eskaintza agertzen den moduan. Horrekin batera aztertu egin da araudi eta finantziazio mailan dagoen egoera (dagoen eskaintza nolatan eskontzen den Europa mailako Horizon 2020 estrategia eta Euskampus egitasmoen helburu eta finantziazio lehentasunekin) eta baita gure egoeraren alderaketa inguru hurbileko unibertsitateekin.

Badira zenbait emaitza argi: gehiegizko espezializazioa, eskaintzen gainjartzeak eta ikasleak lortzeko lehia, ikasle kopuru mugatua (alde nabarmenak egonik hauen artean),…. Oinarri oso aproposa hurrengo hilabeteetan martxan jarri nahi den gradu-ondoen plangintza estrategikoa osatzeko dirudienez hiru ildo nagusi jarraituz: ikerkuntzarako lotura sendotzea, eskaintzaren nazioarteratzea eta lurraldearen beharretara egokitzea.

Horretarako batzorde berriak sortuko dira gradu-ondoko batzordeko kide eta gradu-ondoko errektoreordetzan ardura duten kideekin baina tokia eginez ardura bereizirik ez duten beste zenbait irakasleei ere. Erronka handia baina polita inondik ere. Ea nola garatzen den. Hurbiletik zainduko dugu prozesua.