Home » Berriak, Prentsa oharrak. Iritzia

UPV/EHUk aurrekontu egokiak, murrizketarik gabekoak, behar ditu

Submitted by on 2013-11-08 – 12:28 PMNo Comment
  • pegatinaHezkuntza sailburuaren erantzuna ez da bidezkoa: Langileok ez gara krisiaren erantzuleak, bere ondorio lazgarriak pairatzen ditugunak baizik
  • Eusko Jaurlaritzak finantzazio nahikoa bermatu behar dio UPV/EHUri
  • Legebiltzar-taldeei Aurrekontu Proposamena zuzentzeko eskatzen diegu

2014ko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektuak ezagutu ostean Iñaki Goirizelaia Errektoreak Legebiltzarrean egindako finantziazio nahikoa izatearen eskaerarekin bat gatoz komunikatu hau sinatzen dugun UPV/EHUko sindikatuok (STEE-EILAS eta LAB) . Bat gatoz, nahiz eta, tamalez, UPV/EHUko langileok gure lan baldintzetan pairatu ditugun murrizketak aipatu ere ez zituen egin Errektoreak. Bat gatoz Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoari finantziazioa nahikoa bermatzeko eskaerarekin, sinisten dugulako ezagutzan eta ikerkuntzan inbertitzea ekonomikoki eta sozialki errentagarria dela. Ez
dugu ahaztu behar oraindik orain goi mailako irakaskuntzara/formaziora Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa BPGaren %1era ez dela iristen, Europako batez besteko %1,3koa denean.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Uriarte andreak, aurrekontuak azaltzerakoan Goirizelaiari emandako erantzuna –‘Unibertsitateak krisira egokitzen ikasi behar du’- ez da bidezkoa. Ez da bidezkoa ahoa betetzen zaielako ezagutzaren gizartea eraiki beharraren aldeko hitzekin eta, aldi berean, unibertsitatearekin dituen konpromisoak betetzen ez dituelako. Nora eramango gaitu euskaldunok AHT-ak, porlanari lehentasun osoa ematearen adibide nagusienetariko batek? Krisialdiaren irteeran Unibertsitatea giltzarrietako bat dela esatean denok omen gaude ados.

Horregatik, ez da bidezkoa beste batzuek sortutako krisiaren ondorio lazgarriak pairatzen ari garen langileok krisi-sortzaile garela iradokitzea. Are gutxiago, krisiari aurre egiteko diru-sarrerak handitzeko neurri benetan erangikor eta ekitatiboak onartzeari izkin egiten zaion testuinguru honetan.

Unibertsitateak, bere autonomiatik, bere misioa betetzeko konpromisotik, 2014rako aurrekontu egokiak osatu behar ditu. Errektoreari ausardiaz jokatzeko eskatzen diogu aurrekontuak garatzerakoan, murrizketarik gabeko lan-eskubideak eta ikasleriaren ikasteko eskubidea bermatuz, atzeraezinak diren erronkak bazterrean utzi gabe.

Azkenik, UPV/EHUko LAB eta STEE-EILASeko atal sindikalok ere, EAEko Legebiltzar-Talde guztiei 2014ko Aurrekontu Proposamenari emendakina aurkeztea eskatzen diegu, EAEko Zerbitzu Publikoen ardatz garrantzitsua den UPV/EHUk, geure Unibertsitate publikoak, aurrera egin ahal izan dezan. Ezagutzan eta ikerkuntzan inbertitzea ekonomikoki eta sozialki errentagarria delako eta krisialditik ondo irteteko eta gizarte kohesionatua lortzeko bidean giltzarrietako bat delako.