Home » SAREAN AURKITUTA, Prentsa oharrak. Iritzia

Utzikeria EHUren aurka

Submitted by on 11/12/2014 – No Comment

Articulo de opinion STEE-EILAS

Orain dela urte bete orri hauetan bertan salatzen genuen EHUri emandako tratu ekonomiko tamalgarria. Salatzen genuen 2014an unibertsitate publikoari emandako finantziazioa 2007an jasotakoaren parekoa zela, sail, ikastetxe eta gainontzeko zerbitzuen aurrekontuek %50ko murrizketa jaso zutela.

Edonork irudika dezake tamainako finantziazio murrizketak izango dituen ondorioak unibertsitatearen eguneroko jardunean: ikerketa proiektuak geldituta, ikasleak euskarazko irakaskuntza jaso ezinik irakasle faltagatik, beketarako baliabideen murrizketa latzak, hainbat lanpostuen jarraipena kolokan, berriki bukatutako ikerketa eraikinak hutsik langileria eta ekipamendu faltagatik,….

EHUk larri baina bizirik irautea lortu zuen eraso bortitz horren ondoren, bertako langileriaren esfortzu eta konpromisoari esker, batik bat, 2010etik hona murrizketak eta lan baldintzen okertzea (prekarietatea, egonkortasun eza,….) baino sufritu ez dituzten lankideen inplikazio eta borondate onari esker, hain justu. Zigortua izan den plantila bati esker, alegia, izan ere AZPko langileen ia erdia aldi baterako baitago kontratatuta. Gauza bera gertatzen da irakasleen artean ere, baina hauen kasuan behin-behinekotasuna herena da. Eta hala eta guztiz ere bada oraindik langileen instituzioarekiko atxikimendu eza salatzen dutenak.

Esan ziguten aurrekontuek hobera egin ahala EHUk ere beharrezko finantzazio maila berreskuratuko zuela. Baina heldu da 2015eko aurrekontu egitasmoa eta, lehengo lepotik burua, ez da hobekuntzarik aurreikusi. Haserre eta suminduta ikusten dugu  unibertsitatearekiko begirun ezak bere horretan jarraitzen duela; harrituta ere bai, Unibertsitatea erakunde estrategikoa baita krisiari irtenbideak irudikatu eta emateko. Ez gara soldataz bakarrik ari, urtetan kendu digutena berreskuratzen hasteaz, alegia, baizik eta Eusko Jaurlaritzak duen Unibertsitate Publikoaren kontzeptuaz.

Izan ere, EAEko aurrekontuek ia %4 egingo dute gora aurten, baina EHUren eguneroko funtzionamendura bideratuko den dirua %0,58 bakarrik haziko da. Datorren urteko aurrekontuak 2007ko kontuekin alderatuta, ikusten da EAEko aurrekontuek %18 haziko direla eta 2011ko urtekoen pare jarriko direla. UPV/EHUrenak, aldiz, %4 bakarrik haziko dira; alegia, ez da 2011ko maila berreskuratuko eta ia 2007koaren pare jarraituko du.

Duela bi urte, 2012an, murrizketak ezartzen hasi zirenean arlo publikoan, EHU Shangaiko unibertsitate-zerrendan sartu zen lehenengo aldiz, munduko 500 Unibertsitate onenen artean, alegia. Harro agertu ziren orduan EAEko agintariak, lortutako emaitzarekin. Baina 2013an zerrendatik kanpo geratzekotan izan zen berriro gure Unibertsitatea. Eta datorren urtean hala gertatzen bada, orduan EHU seinalatuko dute gure agintariek, zerrendatik kanpo geratu izanaren arduradun bakar eta esklusibo gisa.

Unibertsitate Publikoaren lehentasun nagusia ez da, ezin da izan, ospe eta itzal handiko zerrendetan sartzeko lehia zoroan nahastea, are gutxiago halako zerrenden balioa zalantzan jarri izan denean hainbat arlotatik. Gure sindikatuarentzat garrantzitsua da bikaintasuna, baina adi, arlo guztietan garatu beharreko bikaintasuna, besteak beste langileon eskubideetan eta irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren etikan ere isla izango duena.

Ez datoz bat bi jarrera horiek, batetik oilar baten moduan puztea bikaintasunaren ustezko zerrenda batean sartu garelako, eta bestetik, egunez eguneko tratuan eta finantzaketan, unibertsitatea baztertu eta gutxiestea. Ez datoz bat ezta ere, Unibertsitateari eskatzen zaion ekarpenarekin herriari.

Utzikeria salatzen dugu, ez bakarrik murrizketak jasaten jarraitzea. Utzikeria, ez baita onartzekoa urtea amaitzeko hilabete baino falta ez denean eta berarekin 2011-2014 Unibertsitate Plana, oraindik ezertxo ere ez jakitea hurrengo Unibertsitate Planaz. Ez dakigu zer finantzaketa maila aurreikusten den, ezta zer gertatuko den ehundik gora lanposturekin, zeinen finantzaketa urte bakar batez luzatu den. Badakigu jakin zenbat diru egongo den datozen urteetan AHTa egiteko, ez, ordea, Unibertsitate Publikoa garatzera bideratuko dena.

Erdipurdizko Unibertsitate Publikoa bada nahi dutena, ikasleen aldi baterako gordeleku hutsa izango dena, eta ez krisiaren irtenbidean ekarpen garrantzitsuak egitera jarri beharreko instituzioa, argi esatea daukate hura dela helburua. Hori bai, gure gazte graduatuak Euskaditik kanpora joango direnean hezitzen eta ikertzen jarraitzera, AHT batean joango dira azkar eta eroso, horretarako ez baita ez ahaleginik ez finantzabiderik faltan izango.

Emilio Zubia Flaño,  NAN: 15970462K

Elena Martinez Ceregido, NAN: 14940949B

Efren Areskurrinaga Mirandona, NAN: 30585115Z

Artikulua ikusteko: 

http://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/desidia-gubernamental-ante-la-upv-ehu